Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Holandako Ardenetako hirugarren klasikoa jokatu zen atzo, Lieje-Bastogne-Lieje Klasikoa. Saxo Bank taldeko Andy Schleck hamargarrena izan zen aurreko igandeko Amstel Gold Race klasikoan, bigarrena asteazkenean jokatutako Flecha Valonan, eta azkenean garaipena lortu zuen atzo Lieje-Bastogne-Lieje klasikoan. 260 km pasatxo zituen klasikoak, eta nola ez, igoera oso gogorrak. Klasiko guztietan bezala ihesaldi saiakerak izan ziren hasieratik. 86 kilometroan ihes egin zuten Gautier (Bouygues), Wyss (Cervelo), Sijmens (Cofidis) eta Dupont (Ag2r) txirrindulariek, eta 226 km-an, La Redoute igoeran hain zuzen, tropelak irentsi zituen. Ordurako taldeen mugimendu taktikoak nabariak ziren. Euskaltelek Samuel Sanchez kokatu nahi zuen aurrean, eta horretarako lehenik Isasi jarri zuen lanean eta ondoren Egoi Martinez etxarriarra. Hain zuzen ere sei korrikalarik egindako ihesaldian sartu zen Egoi Martinez. Baina lehenik eta behin Gilbert txirrindulariak harrapatu zituen ihes egindakoak eta gero erasoa jo eta ziztu bizian zetozen Schelck anaietatik gazteenak, Andyk. Hain zuzen ere helmugarako 20 kilometroren faltan zegoen Roche aux Facons igoeran jo zuen erasoa Schleckek, eta nahiz eta Gilbertek erritmoa eusten saiatu, soilik kilometro par e batean eutsi ahal izan zion, eta Andyk bakarrik egin zuen aurrera. Atzean zetozen faboritoak ez ziren ados jarri eta inork ez zuen hartu nahi izan Andy Schleck harrapatzeko egin beharreko lan gogorra. Horrela, bakarrik heldu zen 23 urteko Schleck helmugara, lasterketa handia irabaziz (6:34:32). Minutu pasatxora heldu ziren faborito nagusiak. Bigarrena Caisseko Joaquin Rodriguez izan zen, 1:17ra eta hirugarrena Flecha Valonako irabazle Davide Rebellin handia, 1:24ra. Euskalteleko Gorka Verdugo 31.a sartu zen, 1:24ra, Egoi Martinez 72.a, 6:25era eta Ag2rko Jose Luis Arrieta uhartearra 87.a, 11:05era. Liejeko Klasikoarekin Udaberriko zazpi klasikoak despeditu egin dira. Bihar Romandiako Tourra eta Asturiaseko itzulia abiatuko dira. Romandian Euskaltelen dabiltzan Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra ariko dira, haien taldeburu Koldo Fernandez de Larrea laguntzen. Ag2r-ko Jose Luis Arrieta ere aritzekoa da. Aurki etorriko da Giroa, baina azken orduko aldaketak ematen ez badira ez dugu ordezkari sakandarrik izanen.