Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo abiatu ziren Arabako Hiru Egunak, Artziniegan hasi eta despeditutako lehen etaparekin. Eguraldiak ez zuen laguntzen baina txirrindulariak ez ziren kokildu, eta Malkuartuko igoera baino lehen eta ondoren eraso eta lehia gogorrak izan ziren. Rural Kutxak, Azysak eta Naturgasek lan gogorra egin zuten eta eguneko lehen ihesaldian euren ordezkariak sartu zituzten. Ihesaldiak ez zuen fruiturik izan eta beranduago beste taldetxo bat sortu zen aurrean. Helmugarako 12 kilometro falta zirenean Andalucia taldeko Pablo Lechugak erasoa jo zuen eta garaipena lortu zuen (2:49:05). Rural Kutxako Ruben Garcia izan zen bigarrena, 6 segundora, eta Baque taldeko Migel Angel Lucena hirugarrena, 13 segundora. Rural Kutxa talde sakandarreko Florentino Marquez laugarrena izan zen, Arturo Ariño seigarrena eta Pablo Torres zortzigarrena, guztiak ere 13 segundora. Rural Kutxa izan zen talderik onena eta garaipenaren bila aritu zen etengabean, nahiz eta garaipenek ihes egin. Gaur 113 km-ko etapa jokatuko da, Agurainen hasi eta despedituko dena. Lehen mailako Opakua eta Santa Teodosia Ermita gainak itzo beharko dituzte. Bestalde, Extremadurako Itzulia Froiz taldeko De Segoviarendako izan da. Rural Kutxako Ferrari seigarrena izan zen, eta De la Partek ere lan ederra egin zuen. Horretaz gain, Balmasedan jokatutako San Rokillo Klasikoa Camargo taldeko David Gutierrez kantabriarrak irabazi zuen, ihes eginda zegoen taldean erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta. Bidelan Kirolgiko Ugaitz Artola bigarrenari eta Rural utxako Garikoitz Bravori 19 segundo atera zizkion.