Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren Lehena testuinguru berezian ospatuko da aurten. Krisia dela eta aurreko hilabeteetan sindikatuek langileen aldeko neurriak eskatu eta hainbat egoera salatu izan dituzte. Langileen Egunak ere kutsu hori izanen du. Gainera, sindikatu abertzaleendako hilaren 21erako deitu duten greba orokorraren atarikoa izanen da. Sindikatu bakoitzak ostiralerako bere deialdia egin du. ELAk Bilboko Jesusen Bihotza plazan eginen du hitzaldi nagusia, 11:30ean. Adolfo Muñozek eta Patxi Agirrezabalak hartuko dute hitza. Ondoren, manifestazioa eginen dute Plaza Biribileraino. ELAk aurten aukeratutako leloa Borroka bidean da. Aldarrikapenarekin batera ospakizunak ere tokia izanen du eta Barakaldoko BEC erakustazokan bazkaltzera bilduko dira sindikatuko kideak. LAB sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenerako Langileon borrokaz Euskal Herriak aldaketa leloa aukeratu du. Mezu hori zabalduko du ostiralerako herrialde bakoitzean deitu dituen manifestazioetan. Nafarroako manifestazioa Iruñean eginen da, eguerdian, Golem zinemetatik abiatuta. UGT bere afiliatu eta lagunak Erriberrin biltzera deitu ditu. Langileen Egunerako sindikatu sozialistak honako leloa aukeratu du: krisiaren aurrean: enplegua, inbertsio publikoa eta gizarte babesa. UGTk Erriberrin antolatutako ekitaldiak 11:00etan hasiko dira, ekitaldi sindikalarekin. Hura despeditu eta gero, eguerdian festa giroko ekitaldiak hasiko dira. Bazkaria, ondorengo dantzaldia eta 25 urte afiliatuta daramaten kideei egin beharreko omenaldia ere ez dira faltako. Krisiaren aurrean: enplegua, inbertsio produktiboa eta gizarte babesa lelopean ospatuko du Maiatzaren lehena CCOOk. Ostiralerako prestatu duten egitaraua haien Iruñeko egoitzaren aurreean egindako gosariarekin hasiko da. Ondoren Iruñean barna manifestazioa eginen dute. Manifestazioa CEN enpresarien elkartearen egoitzaren aurrean bukatuko da. Mobilizazioaren ondoren sindikatuko kideka eta lagunak bazkaltzera bilduko dira eta haren buruan CCOOn afiliatuta 25 urte daramaten kideak omenduko dituzte. ESK, CGT, STEE-EILAS eta ATTU sindikatuek elkarrekin deitu dute ostiralerako manifestazioa. Eguerdian abiatuko da Iruñeko Takonera parketik. Krisiaren kontra protesta eginen dute, maiatzaren 21eko greba orokor deialdia buruan dutela.