Lan uzte berria egin dute Gizarte Zerbitzuetako langileek

Guaixe 2009ko apirilaren 29a

Hirugarren aldiz, gaurkoan, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako langileek  lan uztea egin dute. 10:30etik 12:30era zerbitzuko 14 langileek haien protesta kalera eraman dute. Altsasuko udaletxe aurrean bilkura egin dute eta azokan ere protestan izan dira. Horren ondorioz etxez etxeko zerbitzurik ez da izan eta hitzorduak anulatu dira. Protesta horien bidez langileek haien lan baldintzak eta zerbitzuaren funtzionamendua "hobetzea" eskatzen ari dira. Langileen ordezkari diren Asun Bergera Zelaia (LAB) eta Alodia Alvaro Igoa (ELA) esan digutenez, zuzendaritzaren inolako proposamenik ez dute jaso. Adierazi digutenez, langileak egoerarekin "haserre daude eta inpotentzia sentitzen dute". Biek esan digutenez, "hainbeste denbora eta gero, ziurtatuago dugu gizarte zerbitzua, hura erabiltzen duten pertsonak eta langileak ez dutela inporta. Negoziazio bera horren adierazle da". Langileen ordezkariek gehitu dute haien eskaerak "borondate politikoaren mende" daudela. Aurreko asteko bileran gertatutakoarekin haserre oraindik, langileen bozeramaileek esan ziguten, "gure lana ez dutela ezagutzen esatea, azaltzeko bilera antolatzea eta politikoak ez agertzea errealitatea zein den erakusten du". Bestalde, aurreratu zuten egoera luzatzen bada ez dutela baztertzen bestelako neurriak hartzea.BileraJakin ahal izan dugunez, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuko Mankomunitateko zuzendaritza astelehenean ez-ohiko bilera eginen du. NaBaik pasa den astean alderdiei proposamen bat banatu zien iritzia eman zezaten. Antza, nahi baino iritzi gutxiago jaso dituzte eta horregatik proposamen hori asteleheneko bilerara eramanen dute eta langileen eskaerak bilerako puntu bakarra izanen da. Bilera horretan adosten dena langileei jakinaraziko zaie.