Lan osasuna, langileen aldarrikapena

Guaixe 2009ko apirilaren 29a

Asteartean lan osasunaren nazioarteko eguna ospatu zen. LAB ez beste sindikatu guztiak Iruñean zabaldu zituzten euren aldarrikapenak. ELAko, CCOOko eta UGTko langileen ordezkariek, bakoitza bere aldetik, kontzentrazioak egin zituzten langileendako lan baldintza duin eta osasuntsuak eskatzeko. LAB sindikatuak deituta hainbat enpresetan atsedenaldi garaian kontzentrazioak egin ziren asteartean. 16:30etik 20:00ak bitartean auto karabana batek ibarra zeharkatu zuen eta hura bukatzean Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioa egin zuten. 25 bat pertsona bildu ziren Euren krisia, gure osasunaren kontura leloa zuen pankartaren atzean. Sindikatu abertzaleak, salatu zuenez, "patronalaren eta bankarien diruzalekeria mugagabeak eta agintarien oniritziak eragindako egungo krisi egoera pairatzen ari garenak langileak gara". Horrekin batera, LABek salatu zuenez, "inbertsio sozialak murrizten dituzte, langileoi gerrikoa estutzeko esaten digute, langileak kaleratu edo lan baldintza okerragoak onartzeko presionatzen gaituzte". Guztiak osasunean eragina eta ondorioak dutela nabarmendu zuen LABek.