Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euria, kazkabarra, hotza... ez zen giro igandean. Horregatik, akaso, Arbizuko Udalak eta Euskadiko Triatloi Federazioak Sakanako Triatloi Taldearen eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz antolatutako Arbizuko XIV. Duatloian izena emana zuten 190 duatletetatik 160k hartu zuten irteera eta horietatik 142 iritsi ziren helmugara, 44 kilometro osatu ondoren. Lehenik eta behin Arbizun prestatutako 4 km-ko zirkuituari bi bira eman zizkioten korrikan; gero 32 km txirrindulan, Lizarragako katea bi aldiz igota; eta azkenik herriko zirkuituari buelta bat eman zioten korrikan. Nahiz eta lasterketa Euskadiko egutegian egon eta Euskadiko Federazioak proba antolatzeko babesa eman, epaileak eta beste baliabideak jarriaz, aurten Arbizuko duatloia ez zen Euskadiko Triatloi Zirkuiturako puntuagarria, lege eta federazio kontuak zirela medio. Nahiz eta erabakiarekin ados ez egon, Arbizuko udalak duatloi proba antolatzen jarraitzeko konpromisoa azaldu zuen, kirola sustatze bidean. GogorraEguraldi txarrak proba honen gogortasuna biderkatu zuen: Lizarragako katean elurbustia ari zuela zioten batzuk eta kazkabarra zela zioten besteek, eta gainera, jaitsieran haizea kontra zuten; bestalde, bizikletatik korrika egiteko trantsizioa egiterakoan lurrera erori ziren hainbat duatleta, pedaletik hanka ateratzekoan egin beharreko indarra zela medio, irrist egin eta lurrean bukatuz. Euri artean despeditu zen lasterketa, baina hala ere proba ikusgarria izan zen. Arbizun aritu ziren australiarren nagusitasuna nabarmena izan zen. Azken tramuan erabaki zen proba, duatletak Arbizuko zirkuituan korrika ari zirela, eta Urdaitri taldean dabilen James Attard izan zen azkarrena (1:34:25), haren taldekide Ralf Colby Baughi 10 segundo atereaz. K3 John Luck taldeko David San Martin hirugarrena izan zen, 52 segundora. "Australiarrak beste maila batean daude. Lizarragako igoeran eurak harrapatzea lortu dut baina azken tramuan, korrikan, ezin izan dut euren erritmoa eutsi. Munduko bi duatleta onenetakoak dira" zihoen San Martinek. Emakumezkoetan Tecnum.com taldeko Lucia Garate izan zen onena (1:52:42), O Keler taldeko Veronica Dominguez bigarrena (1:56:29) eta Trigoi taldeko Naroa Arrieta hirugarrena (2:03:09). Duatleta sakandarrek ez zuten Sakanako zitan huts egin eta azkarrena Sakana Triatloi Taldeko Francisco Javier Gomez Fernandez izan zen (1:41:51), helmugara 17.a heldu eta gero. Lehen arbizuarra talde bereko Mikel Lakuntza izan zen (44.a, 1:46:24). Taldeka Antzintxika Triatloi Taldea izan zen onena (5:03:42) eta Sakana Triatloi Taldea Bigarrena (5:06:04). Duatleta guztiek kamiseta, gazta eta txistorra jaso zituzten opari eta Arbizuko produktuak zozketatu ziren: txuletak, gaztak, txistorrak... Emakumezkoetan eta gizonezkoetan, lehenengoek 200 euro eta trofeoa jaso zituzten, bigarrenek 150 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. 23 urtez azpiko lehenengo sailkatuak - SVC Seguridad taldeko Iñigo Eizagirrek - , junior mailako lehengoek - Sakana Taldeko Urko Berdud altsasuarrak - eta beteranoen lehen sailkatuak - Luis Mari Urizarrek- 100 euro jaso zituzten, eta talde onenak trofeoa. Baina sari preziatuena erlojupeko bizikleta bat izan zen. Razesa etxeak koadroa oparitu zuen eta antolatzaileek jantzi zuten bizikleta guztia. Parte hartzaile guztien artean zozketatu zen eta Biarritzeko Frederic Cauvineri egokitu zitzaion. Ondoren auzate ederra izan zen Aldabide elkartean. Sakandarren lana1.James Attard (1:34:25)17.Francisco Javier Gomez Fernandez (1:41:51)18.Urko Berdud Mazkiaran (1:42:00)19.Javier Borrega Perianez (1:42:13)25.Felix Benjumea Motino (1:43:46)44. Mikel Lakuntza Arretxe (1:46:24)64. Beñat Katarain Razkin (1:48:51)66. Mikel Berdud Garcia-Lopez (1:49:49)67.Juan Luis Maiza Begiristain (1:49:51)68.Juan Carlos Gomez Fernandez (1:51:12)69.Juantxo Azurmendi Zelaia (1:51:21)73.Jon Patxi Mundiñano (1:52:03)89.Juan Ignacio Araña Razkin (1:54:57)108.Alberto Martinez Rodriguez (1:59:54)109.Pello Astiz Auzmendi (1:59:55)121.Peio Bergara Garcia (2:05:28)*Isidro Asurabarrenak eta Igor Floresek proba utzi behar izan zuten.