Arrieta eta Urtasun Erromandian eta Azanza Asturiasen

Guaixe 2009ko apirilaren 28a

Gaur abiatuko dira Suitzako 63. Erromandiako itzulia eta Asturiaseko itzulia. Suitzako lasterketako faborito nagusiak Caisse d´Epargneko Alejandro Valverde eta Rabobankeko Oscar Freire dira. Valverdek ez du espero zen maila eman despeditu berri diren Klasikoetan eta arantza hori ateratzeko asmoz bere prestaketa aldatu du: Katalunian egon beharrean Erromandian egongo da, bide batez Tourra prestatzen. Bestalde, Freireren asmoa esprintean bukatzen diren etapetan borrokatzea da, baina asmo horretan Cavendish eta MacEwen izango ditu arerio nagusiak. Aipatutakoez gain, Cadel Evans (Silence), Damiano Cunego (Lampre) eta Denis Menchov (Rabobank) dira izar nagusiak. Bi sakandar izango ditugu: Ag2r talde frantziarrean dabilen Jose Luis Arrieta eta Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra. Koldo Fernandez de Larrea taldekide esprinterra laguntzea izango da bere lana. Romandiako Tourreko ibilbidea gogorra da oso. Gaurkoa sarrerako etapa izango da, Lausannen, 3,1 kilometrokoa. Biharkoak eta etzikoak perfil ondulatua izango dute. Asteazkenean Montreux eta Fribourgen arteko 176,2 kilometroak osatu beharko dituzte eta ostegunean Chaux de Fondsen hasi eta despedituko dena, 161,5 km-koa. Ostiralean taldekako erlojupekoa izanen da, 14,8 kilometrokoa, Yverdon les Bainsen. Eta larunbatekoa eta igandekoa mendiko etapak izango dira. Etapa erregina eta erabakigarriena larunbatekoa izango da, Estavayerren hasi eta Sainte Croixeko gainean despedituko dena, lau portu pasa eta gero. Igandean Aubonnen hasi eta Geneven bukatuko da etapa, 150 kilometro pasata. Samuel Asturiaseko izar nagusiaBestalde, Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchez da gaur abiatuko den 53. Asturiaseko Itzuliko izar nagusiena. Egia esan soilik bi Pro Tour talde ariko dira, Euskaltel eta Fuji-Servetto. Hortaz, Euskaltelek etapako lasterketa bat irabazteko aukera ederra du. Faboritoa izateaz gain bertako semea da Samuel eta berarendako izango dira txalo gehienak. Hari laguntzen Jorge Azanza altsasuarra izanen da. Aipatzekoa da ere Euskaltelen talde filiala, Orbea, lasterketan ariko dela, eta hortaz laguntza extra izango du talde laranjak. Sanchez gain Oscar Sevilla, Francisco Mancebo (Rock Racing), David Herrero (Xacobeo) edo iazko irabazle Angel Vicioso (Andalucia-Cajasur) dira beste faboritoak. Oscar Guerrero altsasuarrak zuzentzen duen Contentpolis Ampo taldeak ere parte hartuko du. Gaur Oviedo eta Llanes arteko 156 kilometroak lotu beharko dituzte, hirugarren mailako portu batekin. Asteazkenean Llanes eta Gijon batuko dituzte (182 km), lau porturekin. Ostegunean bi sektoretan banatuta dago etapa. Goizean 88 km osatuko dituzten Gijon eta Aviles artean, apenas zailtasunik gabe, eta arratsaldean 14 km-ko erlojupekoa izanen da Castrillonen. Etapa nagusiena ostiralean jokatuko da, Cafes Toscaf-en hasi eta 180 km eta gero El Acebo portu gogor eta ikusgarrian despedituko dena, lehen mailako beste bi portu pasa eta gero. Lasterketa larunbatean despedituko da, Cangas de Narcea eta Oviedo arteko 177 km-ak osatuta, hirugarren mailako bi porturekin. Erlojupekoak eta ostiraleko etapak erabakiko dute lasterketa.