Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Rural Kutxak lan ikusgarria egin zuen Arabako Hiru Egunen bigarren etapan. Igandeko lehen etapan taldea gogor saiatu zen baina ez zuen irabaztea lortu. Andalucia taldeko Pablo Lechugak lortu zuen garaipena eta lidergoa, eta bigarren sailkatu zen Rural Kutxako Ruben Garcia, 6 segundora. Baina talde sakandarrekoak ez ziren kikildu eta atzo sekulako erakustaldia eman zuten Agurainen hasi eta despeditu zen etapa gogorrean, tartean lehen mailako Opakua eta Santa Teodosia igoera latzak medio. Erasoz betetako etapa izan zen atzokoa, baina ez zuten aurrera egitea lortu. Aldiz, 64. Kilometroan tropeleko txirrindulari nagusiak tropelaren buruan jarri ziren eta Opakuako bigarren igoera burutu zutenean dagoeneko Pablo Lechuga liderra atzean geratu zen. Jaitsieran Ruben Garcia (Rural Kutxa), Mikel Landa (Naturgas), Izagirre (Seguros Bilbao) eta Etxebarria (Bidelan) txirrindulariek aurrera egin zuten baina euren artean adostasunik lortu ez eta helmugarako 17 km falta zirenean sekulako erasoa bota zuen Rural Kutxako Ruben Garciak. Inork ez zion jarraitu eta Avilako txirrindularia bakarrik heldu zen helmugara (2:51:45). Izagirre, Landa eta Etxebarria sartu ziren hurrenez hurren, 56 segundora. Etapa irabazteaz gain lidergoa ere eskuratu zuen Rural Kutxako Garciak (5:40:56). Mikel Landa, Izagirre eta Etxebarria datoz jarraian, 1:03ra, eta Rural Kutxako Florentino Marquez bederatzigarrena da, 2:03ra. Hortaz, lider sendoa da Garcia, eta ia erabakita utzi du gaur despedituko den itzulia. Gaur hirugarren eta azken etapa jokatuko da, Gasteizen hasi eta despedituko dena, 130 km-koa eta mendi zailtasunik gabe. Oso zaila izango da Sakanako taldeari garaipenak ihes egitea. Ea itzulia Sakanara datorren.