Sergio Rodriguez garaile Altsasuko XXI. Udaberri Trofeoan

Guaixe 2009ko apirilaren 28a

Larunbatean gazte mailako lasterketa jokatu zen Altsasun, XXI. Udaberri Trofeoa hain zuzen. 73 txirrindularik hartu zuten irteera eta horietatik 49 heldu ziren helmugara, probak zituen 67 kilometroak osatu eta gero. Urbasako portua igo behar izan zuten bitan. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Beola Motor taldeko Sergio Rodriguezek altxatu zituen besoak, Bi-Luxeko Martin Eslava eta Lakuntzako Intersport Irabia taldeko Iñaki Mañeruren aurretik (1:46:26). Bi segundora sartu ziren Rural Kutxako Ion Irigoien laugarrena eta Alvaro Sorbet seigarrena, eta Interesport Irabiako Endika Jaka zortzigarrena izan zen (1:46:46). Sergio Rodriguez irabazlea ere mendiko sailkapeneko burua izan zen. Lasterketako talde onena Lakuntzako Intersport Irabia izan zen, eta bigarrena Altsasuko Rural Kutxa.