Glenn Chadwickendako Asturiasko Itzuliko lehen etapa

Guaixe 2009ko apirilaren 29a

Asturiasko Itzuliko lehen etapa jokatu zen atzo eta Zeelanda Berriko Rock Racing taldeko Glenn Chadwickek irabazi zuen etapa eta lidergoa. Oviedotik abiatu zen 156 km zituen lasterketa. Hasieratik ihes egiteko saioak izan ziren, baina eguneko ihesaldia 14. Kilometroan sortu zen, Pola de Sieroko tarteko helmuga igaro eta gero. 27 txirrindularik egin zuten aurrera. 27 km egin zituzten elkarrekin eta 41. Kilometroan Rock Racingeko Chadwickek, Boavistako Tiago Machadok, Burgos Monumentaleko Luis Masek eta Ann Post Kellyko Matthew Brammeierrek aurrera egin zuten. Oso ondo elkar ulertu zuten laurek, 11 minutuko aldea ere atereaz. Baina 92. Kilometroan, eguneko mendate bakarrean, Ortigueron, Chadwickek eta Machadok erasoa jo zuten. Bakarrik heldu ziren helmugara, eta bien arteko esprintean Chadwick izan zen azkarrena (3:23:36). Tropela hiru minutura sartu zen. Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra 85.a izan zen, 3:24ra. Gaur bigarren etapa jokatuko da, Llanes eta Gijon artean, 182 kilometrokoa. Helmugatik 15 kilometrora San Martin de Huerces mendatea gainditu beharko dute txirrindulariek. RomandiaBestalde, Erromandiako Tourreko aitzin etapa jokatu zen atzo Lausannen, 3,1 kilometroko erlojupekoa. High Road taldeko Frantisek Rabonek sorpresa eman zuen eta azkarrena izan zen (3:44:56), Francaise des Jeux taldeko Sandy Casarri bi segundo eta Caisseko Alejandro Valverderi hiru segundoko aldea atereaz. Ag2rko Jose Luis Arrieta uhartearra 85.a izan zen, 14 segundora, eta Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra 97.a, 15 segundora. Lehen etapa jokatuko da gaur, Montreuxen hasi eta 176 km osatu eta gero Fribougen despedituko dena.