Arabako Hiru Egunak Sakanako Rural Kutxarendako

Guaixe 2009ko apirilaren 29a

Hobeto ezinezkoa. Lan ezinhobea egin du Sakanako Rural Kutxa txirrindularitza taldeak Arabako Hiru Egunetan. Egia esan talde sakandarreko Ruben Garciak ia guztiz sententziatuta utzi zuen itzulia bigarren etapa jokatu eta gero, baina Rural Kutxak ez zuen arriskurik nahi eta atzo Gasteizen hasi eta despeditu zen azkeneko etapa goitik behera kontrolatu zuen. Rural Kutxak ia dena irabazi du Araban. Atzoko etapan tropela batuta iritsi zen helmugara eta esprintean Rural Kutxako Florentino Marquez gailendu zen (3:06:34). Sailkapen orokorrean, aldiz, Rural Kutxako Ruben Garciak ez zuen etsairik izan (8:47:38), 55 segundoko aldea atera baitzion Bidelan taldeko Aritz Etxeberriari eta Seguros Bilbaoko Ion Izagirreri. Rural Kutxako Florentino Marquez zazpigarrena sailkatu zen eta talde bereko Arturo Ariño hamargarrena, biak 2:03ra. Aipatzekoa da Naturgas taldeko Mikel Landak erorikoa izan zuela eta horrek podiumeko bigarren postura igotzea egotzi ziola. Azkenean bosgarrena izan zen, 1:26ra. Bestalde, talde onenaren saria Rural Kutxak jaso zuen eta Tarteko Helmugen sailkapen orokorra Rural Kutxako Pablo Torresek. Beraz, mendiko saria izan ezik dena etorri da Sakanara. Zorionak.