Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, San Prudentzio eguna izanik, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako bi saio jokatu ziren. Eguerdian, Gasteizko Armendian, Donato Larretxeak ez zuen aparteko arazorik izan Senosiain menpean hartzeko. Abiadura proba bakarrik bereganatu zuen Senosiainek, eta gainerakoetan Larretxea nagusitu zen. Guztira 17 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Larretxeak, eta Senosiainek 19 minutu eta 56 segundo. Arratsaldean, Lazkaon, Iñaki Azurmendik erraz menperatu zuen Sakanako Aizkora Eskolan trebatu den Ilarduiako Arkaitz Jauregi. Jauregik kolpekakoa bakarrik irabazi zuen, eta gainontzekoetan Azurmendi nagusitu zen. Arriarangoak 18 minutu eta 6 segundo behar izan zituen, eta Ilarduiakoak 20 minutu eta 54 segundo. Asteburuan Txapelketako hiru saio jokatuko dira. Maiatzaren 1ean, Estibalitzen, 12:30ean, Azpilikueta eta Senosiain ariko dira; maiatzaren 2an, Orduñan, 19:00etan, Atutxa Zubiagaren kontra; eta maiatzaren 3an, igandean, Idiazabalen, 18:30etik aurrera, Larretxeak Azpilikueta izango du aurkari eta Mindegiak Arkaitz Jauregi. 23 urtez azpikoan Vazquezek galduBestalde, atzoko Lazkaoko saioan 23 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa hasi zen martxan. Iñaki Vazquez "Sakana" Alkizalete II.aren kontra aritu zen. Lan guztiak egiteko 7 minutu eta 7 segundo behar izan zituen Alkizaletek, eta Iñaki Vazquezek, aldiz, 13 minutu eta hiru segundo. Hortaz, Jokin Alkizaletek eginen du aurrera txapelketan.