Freirek Samuel Sanchez garaitu zuen Asturiasen

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Atzo Asturiaseko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen, Llanes eta Gijon arteko 182 kilometrokoa. San Martin de Huerces gainak txirrindularien aukeraketa egin zuen eta faboritoek kortea gainditu eta aurrera egitea lortu zuten. Iheskideen arteko esprintean erabaki zen etapa, eta nahiz eta Euskalteleko Samuel Sanchez faboritoena izan, Rock Racing taldeko Oscar Sevillak lortu zuen garaipena, helmugako marran bertan (4:21:42), taldearen bigarren etapa lortuz. Samuel Sanchez bigarrena izan zen eta Hector Guerra (Liberty) hirugarrena eta Freddy Montana laugarrena (Colombia Boyaca)denbora berean. Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra 86.a izan zen helmugan, 7:41era. Sailkapen orokorrean Rock Racing taldeko Gleen Chadwick-ek lidergoa galdu zuen, eta Madeinox Boavistako Tiago Machado portugaldarra da lider berria (7:45:31). Jorge Azanza 83.a da, 10:52era. Gaurko etapa bi sektoretan banatuta dago. Goizean 88 km-ko tartea osatuko dute Gijon eta Aviles artean, apenas zailtasunik gabe, eta arratsaldean 14 km-ko erlojupekoa izanen da Castrillonen. Eta bihar etapa nagusia jokatuko da, Cafes Toscaf-en hasi eta 180 km eta gero El Acebo portu gogor eta ikusgarrian despedituko dena, lehen mailako beste bi portu pasa eta gero. Lasterketa larunbatean despedituko da, Cangas de Narcea eta Oviedo arteko 177 km-ak osatuta, hirugarren mailako bi porturekin. Erlojupekoak eta ostiraleko etapak erabakiko dute lasterketa.  Ricardo Serranoren garaipena RomandianAtzo ez zen giro Suitza aldean. Romandiako lehen etapa laburtu behar izan zuten antolatzaileek, ia erdira, etapa pasatzekoa zen hainbat toki eta errepide elurtuta zeudelako. Fuji Servetto taldeko Ricardo Serrano txirrindulariak azken metroetan gainditu zituen Lars Bak (Team Saxo) eta Gregory Rast (Astana) iheskideak. Haiengantik 28 segundora iritsi ziren Tony Martin alemaniarra (Columbia) eta Haimar Zubeldia euskalduna (Astana). Ag2r-ko Jose Luis Arrieta 85.a izan zen, 31 segundora eta Euskalteleko Pablo Urtasun 150.a, 5:37ra. Gregory Rast (Astana) da Romandiako Tourreko lider berria (2:12:17). Arrieta 53.a da, 47 segundora eta Pablo Urtasun 141.a, 5:54ra. Gaur bigarren etapa jokatuko da, le Chaux de Fondsen hasi eta despedituko dena, 161,5 km-koa. Ostiralean taldekako erlojupekoa izanen da, 14,8 kilometrokoa, Yverdon les Bainsen. Eta larunbatekoa eta igandekoa mendiko etapak izango dira. Etapa erregina eta erabakigarriena larunbatekoa izango da, Estavayerren hasi eta Sainte Croixeko gainean despedituko dena, lau portu pasa eta gero. Igandean Aubonnen hasi eta Geneven bukatuko da etapa, 150 kilometro pasata. Azanza, Narancoko IgoeranIgandean jokatuko da Narancoko Igoera famatua. Asturiaseko Itzulian parte hartu eta gero, Euskaltel-Euskadiko talde bera ariko da Narancon, Samuel Sanchez izan ezik. Sanchezen tokia Amets Txurrukak hartuko du, eta hari laguntzen Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra ariko da.