Nafarroa garaiko kanporaketa larunbatean Goizuetan

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Xiba, Euskal Herrien arteko euskal joko eta jokoen VI. edizioa antolatu du, euskal joko eta kirolak berreskuratu, gaurkotu eta sustatzeko, eta bestetik herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bulkatzeko. Finean, garai bateko herrien arteko jokoak berriz plazaratzea da asmoa. Xibako jokoetako herrialdekako jaialdiak jokatzen hasi dira dagoeneko. Horrela, Nafarroa garaiko kanporaketa larunbatean izanen da, maiatzaren 2an, Goizuetan, bertako Txino auzoko jai egitarauaren barruan, goizeko 11:00etatik aurrera. Taldeek egin beharreko lanaIaz Sakanako bi taldek hartu zuten parte Xiba jokoetan, Irañetak eta Uharte Arakilek. Uharte Arakilgo taldeak ez zuen lortu Euskal Herriko final handian lehiatzeko txartela. Aldiz, Irañetako taldea aipatu finalean izan zen eta 11. postuan sailkatu zen. Bada, aurten bi ordezkari izanen ditu Sakanak: Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz. Uhartearrak beteranoak dira Xiban, baina etxarriarrak aurten estreinatuko dira lehenengoz. Tamalez, Irañetakoak ezingo dira aritu, larunbatean herriko elkarteko jaia ospatuko baitute. Haiekin batera Leitza, Hiruherri eta Goizuetako bi talde ariko dira lanean.Talde bakoitza, gutxienez, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatuta dago. Goizuetan aritzen diren taldeek hiru multzotan banatuta dauden 12 proba osatu beharko dituzte. Lehen multzoan harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea eta dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia dantzatzea); bigarren multzoan trontza, koxkolak, txingak, zaku eramatea eta toka; eta hirugarren multzoan xiba, musa eta sokatira. Orain arteko jaialdietan bezala, giro paregabea izanen da Goizuetan, eta Txino auzoko jaiak direnez are gehiago berotuko dira animuak. Herrialdeko festa bakoitzean sailkatutako talde onenak bilduko dituen Euskal Herri osoko azken jaialdiari dagokionez, ekainaren bukaeran izanen da baina antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu non izanen den.