Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan despeditu zen Estatuko B mailako areto futboleko liga. Irurtzungo Xotak bana berdindu zuen UPNAren kontra eta Uharte Arakilgo Aralar Mendik ere berdindu egin zuen, kasu honetan hiruna, Nordecons Oliteren kontra. Kirol Sportek irabazi du liga, 64 punturekin. RVC Lintxu sailkatu da bigarrena, 58 punturekin, Xota hirugarrena, 52 punturekin eta Aralar Mendi laugarrena, 48 punturekin. Hortaz, argi dago Estatuko B mailan dabiltzan Sakanako taldeek denboraldi bikaina burutu dutela. Akaso Aralar Mendik goitik behera egin du, tarte batean lider izan baitzen eta lidergoa mantendu eta berreskuratzeko borrokan egon baitzen murgilduta, baina azkenean laugarren postuan despeditu du liga. Irurtzungo Xota, aldiz, apalago hasi zen, sailkapenaren erdian. Baina denboraldiko bigarren zatian primeran aritu da, gora egin du eta azkenean hirugarren postuan despeditu du liga. Nahiz eta paregabeko postu horiek lortu, hurrengo denboraldian Estatuko B mailan jarraituko dute bi taldeek. Soilik txapeldunak, Kirol Sportek, lortu du Estatuko A mailara igotzea, eta bigarrenak, RVC Lintxuk, igoera fasea jokatuko du Euskadin eta Errioxan bigarren postuan sailkatutako taldeekin. Sailkapeneko azkena, Burlata, mailaz jaitsiko da eta "Division Especial" delakoan ariko da hurrengo denboraldian. Hemendik aurrera Nafarroako Kopan parte hartuko dute nahi duten taldeek.