Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Iturmendiko maiatzak zutik daude ostiralaz geroztik. Herri bakoitzak berea jaso zuen, nahiz eta aurreneko biek lanerako baldintza gogorragoak izan zituzten eguraldia zela eta. Lainopean igo zuten barga bakaikuarrek lehenik eta etxarriarrek ondoren. Langarrarekin busti zenik ere izan zen. Bakaiku-EtxarriJendeak mendia lainotuta ikustean atzera egin zuen, nahiz eta jende talde politak bildu ziren maiatzaren jasotzea ikusteko. Aurten sekula baino goizago egin zuten haien egitekoa bakaikuarrek. Hartzabaleraino 17 bat metro luze dituen pago-enborra eraman eta 25 lagun ingururen artean zutitu zuten maiatza, fin asko. Etxarriarrak ere haien egitekoa bete zuten. Enborra barga ertzera eramateko deialdia egin zuten eta horrela bildu zen jendea. Ondoren, ohiko trebetasunaz zutitu zuten 17-18 bat metro luze duen maiatza. Lainoa jaso zenean bai Etxarriko bai Bakaikuko maiatzak herritik ikusteko modua izan zen. IturmendiArratsaldeko 18:00etarako makina bat jende zegoen Arrano Beltza plazan. Beheko basoko Aiztondo dermiotik 22 metro luzeko pago ederra ekarri zuten kintoek eguerdirako, adarrak kenduta eta ederki zurituta. Harii 4 metroko pinua gehitu zioten muturrean. Ohi bezala, Julio Lopez de Zubiriaren esanetara iturmendiarrek ederki asko jaso zuten maiatza. Ondoren, bildutako guztiendako auzatea izan zen. Hilabete akaberan garabia baten laguntzaz kenduko dute maiatza eta egurraren salmentatik ateratzen den dirua kintoendako izanen da. Aurten Ruben Martinez de Ordoñana Lanz, Ekaitz Gabirondo Zelaia, Josu Lizarraga Madinabeitia, Nora Diez de Arizaleta Gabirondo eta Izaskun Jungitu Aseginolaza dira kintoak.Maiatzak nola jarri zituzten ikusteko jo argazkien galeriara.