Argiñe Okzitaniatik bueltan

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Aurreko asteko ostegun eta ostiralean Nafarroa Oinezeko ordezkaritza bat Okzitaniara joan zen. Aragoi eta Kataluniaren ondoren, Argiñe atzerrira ateratzen den hirugarren aldia izan zen. Guztietan ere, "Txikiak handi" proiektuaren berri eman eta Europako hizkuntza gutxituen arteko sarea osatzeko urratsak ematea izan dute helburu. Okzitanian, Pau eta Lescarreko Calandretak (hango ikastolak) ezagutzeko aukera izan zuten. Antolamendu eta egitura aldetik antzekoak direla jabetu ziren sakandarrak. Horretaz gain, hezkuntza ereduaren berri jaso zuten. Hala ere, 14,7 milioi pertsonako eskualdean, 30 calandreta eta 3.000 ikasle besterik ez daude. Argiñe ikasle haietako batzuekin egon eta okzitanierazko zenbait hitz ezagutzeko aukera izan zuen. Prentsaurrekoa ere eman zuten eta hartan Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta Calandreten aldeko festen berri eman zuten. Bestalde, egonaldian Nafarroa Oinezeko ordezkariak Crida erakundeko ordezkariekin ere bildu ziren. Hizkuntzaren normalizazioa helburu duten 50 bat eragile elkartzen dira topa-gune horretan. Okzitaniarako bidaiak ospakizunetarako tartea ere utzi zuen.