Gidatze eraginkorrari buruzko ikastaroa prestatzen

Guaixe 2009ko maiatzaren 7a

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi du Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak, CRANA-k, 4 orduko gidatze eraginkor tailerrak eskaintzeko asmoa duela. Tailer horietan CRANAko kideek hainbat gomendio emanen dituzte ibilgailuko erregaia aurreztu ahal izateko. Bi baldintza bete behar dira tailer horietan parte hartu ahal izateko. Lehena, gida baimena duela 2 urte baino gehiago izatea eta, bigarrena, urtean autoarekin 10.000 eta 12.000 km artean egitea, tailerra km asko egiten duten pertsonei zuzenduta baitago. Mankomunitatetik adierazi dutenez, "Kioto Etxebizitza" tailerretan parte hartu zutenek lehentasuna izanen dute ekimen berri horretan.Tailer horietan parte hartzeko interesa dutenek aste hau dute izena emateko. Horretarako info@sakana-mank.com helbidera jo edo 948 464 867 telefonora hots egin daiteke. Izena ematen duten guztiekin taldeak osatuko dira. Haiek erabakiko dute zein egunetan eta zein ordutan egin praktikak.