Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
GAIA izenburupean erakusketa zabaldu dute Buldain Fundazioan. Nafarroa inguruko artisten lanak biltzen ditu, artea eta natura aitzakiatzat hartuta.Buldain Fundazioak duen egoitza xarmantaz arituko ez naiz, ez espazio txikitan bildutako erakusketen gozamenaz, ezta artista guztien lanaren inguruan ere (Gentz del Valle, Javier Moreno, Maria Cueto, Patxi Aldunate...); erakusketako obra bakar batez baizik: Carlos Irijalba artista iruindarraren 20 minutuko bideo lan bat. Twilight izenburuko bere azken obra arrakastatsuaren kode guztiak agerian uzten ditu: prozesua, abiapuntua eta helmuga. Bideoaren hasieran futbol zelaia naturaren sinbolo gisa ikusten du artistak. Espektakulurako artifizialki eratutako naturaren imitazio garestia. Argia piztu eta milaka, edo milioika izaki espazio moldatuari so egon beharrean ( norberaren bizitza horren baitan balego bezala) hutsik erakusten digu tokia. Kamera zelaitik aldenduz doan heinean hirian murgildu eta irten egiten da, errepide kaxkar batetik helmugara heltzeko: Baztango baso zati argiztatu bati gauez ateratako argazkia. Artistaren aburuz argiak sortzen du espektakuloa. Argiak begirada zehazten du, ingurunea isolatu eta kolorea areagotu. Horrexegatik eraman du Irijalbak futbol zelai bateko argiztapen dorrea Baztango basoetara eta gauean natura zati bat argiztatu du (isolatu); bertan denbora mantsoa den, eta ikusgarria dena natura bera da. Mugimendua duen bakarra eulitxoak dira; entzun, hegaztiren bat eta aldiz, generadorea. Erabateko zurrunbilo kontzeptualean sartzen gaitu: zer da naturala? Zer eta zein puntutaraino da kulturala? Ezberdina al da denbora (motelagoa) toki batzuetan?Aspaldikoa da natura eta kulturaren arteko dialektika. Baina sekula ez dut horren paradoxikoki edo "garaikideki-zuzen" ikusi. Futbol zelai kulturala versus paisaiaren argazki naturala.Miren Ustarroz