Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren lehen asteburuan idazleen bilgune izan zen Zenbat Gara elkarteak Bakaikun duen baserria. Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, bertan bildu ziren Igor Estankona, Leire Bilbao, Fernando Morcillo, Asier Serrano eta Castillo Suarez idazleak. EIE-ko zuzendari Iratxe Etxebeste ere bertan izan zen koordinatzaile lanetan. Txorien txioak, udaberriko lehen eguzki izpiak eta gitarra doinu goxoak lagun zituztela, beren sentimendu, bizipen eta pentsamenduei bidea ireki zieten XVI. mendeko baserriaren babesean. Gai bakarra izan zuten horretarako: Eguzkia ez da atera. Lau egunetan sortutako testuak abesti bihurtuko dira gerora. Topaketan izan den Asier Serrano izanen da abesti batzuen sortzaile eta Antxon Sarasua orkestazioaren arduradun. Euskal musikagintzako hainbat abeslari ospetsuk ere parte hartuko du disko horretan.