Euskaldun txapelketarako baliagarria den Azpeitiako 37. Urrakiko Igoerak kolore berde eta txuria izan zuen, Sakanako Rural Kutxarena hain zuzen, aipatu taldeko Fabricio Ferrari gailendu baitzen Urrakiko malda gogorretan. Hain zuzen ere bukaerako igoeran erabaki zen lasterketa, Camargo taldeko David Gutierrezek portua hasterakoan erasoa jo eta ihes egindako bederatzi txirrindulari gainditu baitzituen. Baina Naturgaseko Landarekin batera atzetik zetorren Ferrarik azken kilometroan harrapatu zuen Gutierrez eta sprintean azkarrena izan zen Rural Kutxako (2:48:00) Gutierrezen eta Landaren aurrean. Rural Kutxako Garikoitz Bravo laugarrena izan zen, 8 segundora. Denboraldia hasi zenetik 10 garaipen pilatu ditu Rural Kutxak: Lizarran (Lana), Ororbian (Ferrari), Casar de Periedon (Marquez), Beasainen (Lana), Cuellarren (Fernandez), Duranan (De la Parte), bi etapa eta orokorra Arabako Hiru Egunetan (Garcia eta Marquez) eta Urrakin (Ferrari). Bestalde, Andalucia taldeko Jorge Montenegro nagusitu zen Espainiarako Kopako baliagarria zen eta ostiralean Legazpin jokatutako Santikutz Klasikoan, bukaerako sprintean Rural Kutxako Ruben Garciaren aurretik milimetro gutxigatik sailkatu eta gero. Talde lan bikaina egin zuen Rural Kutxak, eta probako talde onenaren saria jaso zuen. Baina Ruben Garciak ezin izan zuen Arabako Hiru Egunetan berriki lortutako garaipena errepikatu. Montenegrok Espainiako Kopako lider izaten jarraitzen du. Rural Kutxako Ruben Garcia da, egun, Euskaldun torneoko buru, 88 punturekin. Bigarrena Naturgas taldeko Mikel Landa da, 68 punturekin. Lehendakari eta Debutantes lehiaketetako buru, ordea, Lizarteko Eric Pedrosa da. Nafarroako Erlojupekoko TxapelketaBestalde, larunbatean Nafarroako Erlojupekoko Txapelketa jokatu zen Pitillasen, eta afizionatuek 22 kilometroko trazatu gogorrari egin behar izan zioten aurre. Elite mailan Lizarteko Javier Iriarte izan zen txapelduna (29:59:86), Seguros Bilbao taldeko Jon Pardori 2 segundo atereaz. Hain zuzen ere Pardo 23 urtez azpiko txapelduna izan zen (30:01:54). Rural Kutxako Javier Moreno hirugarrena izan zen 23 urtez azpikoan (32:09:06).Gazte mailan Beola Motorreko Sergio Rodriguezek irabazi zuen, bigarrena haren taldekide Joseba Blazquez izan zen eta hirugarrena Rural Kutxako Ion Irigoien sakandarra.