AHT-ri buruzko galdeketetan ezetz bozkatzeko eskatu du LABek

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Gaur eguerdian Irurtzunen LAB-eko Ingurumen Idazkari Urtzi Ostolazak, Sakanako arduradun Gaizka Uhartek eta sindikatuko ordezkari den Ana Camposek prentsaurrekoa eman dute. Lizarragabengoan eta Arbizun Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko herri galdeketetan parte hartzeko deia egin dute sindikatu abertzaleko kideek. Aldi berean, ezezko bozka emateko eskatu dute. ArgudioakOstolazak ezezkoaren alde egiteko arrazoiak eman ditu. Bere esanetan, AHT egitasmoa "azpiegitura elistista da, nafar bakoitzari 4.790 euro kostatuko zaiguna. Diru kopuru itzel hori aurreratzea lapurreta bezala ulertu behar dugu, eta bizi dugun krisia larritzera besterik ez dator". LAB sindikatuko ingurumen idazkariak nabarmendu du AHT-k ez diola interes orokorrari erantzuten. Mugikortasun datuak eman ditu horretarako. Lanerako eta ikasketetarako joan-etorriak dira joan-etorrien ehuneko handiena. Salatu duenez, "AHT-k joan-etorri motordunen %0,4 besterik ez luke hartuko". Tren lasterraren egitasmoak lurralde desorekak handituko lituzkeela ere nabarmendu du. Herritarren iritziaGaizka Uhartek, bestalde, jakinarazi du AHT-ren gaia lantegietara eraman dutela, azpiegitura horren inguruko eztabaida zabaldu eta galdeketen berri emateko. Jakinarazi duenez, ibarreko 15 enpresa batzordek eta 5 ikastetxetako hainbat irakaslek AHT-ren aurkako jarrera azaldu dute. Sindikatuko bozeramaileek AHT-ren inguruan "eztabaida parte-hartzaile, anitza eta zabala irekitzearen alde" agertu dira eta eginen diren galdeketekin "bat" egin dute.