Sakana, 265 kilokoaren buru

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Larunbatean Arbizuko kiroldegiak Nafarroako Goma Gaineko Lauko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia hartu zuen. Tiraldirik estu eta luzeenak gizonezkoen 300 kiloko lehian jokatu ziren. Berriozar A izan zen nagusitu zen taldea. Sailkapen orokorrean Berriozar A dago buru, 7 punturekin, eta atzean daude Berriozar B, 6 punturekin, Amaiur A, 5 punturekin eta Amaiur B, 2 punturekin. Emakumezkoen 265 kiloko txapelketan etxekoak izan ziren jaun eta jabe. Sakanako neskak bikain aritu ziren, 4 puntu pilatuz. Amaiurrek 3 puntu lortu zituen, Lesakako Beti Gaztek hiru eta Berriozarrek bat. Sailkapenean Sakana da lider sendoa, 8 punturekin. Amaiurrek 5,5 puntu ditu, Beti Gaztek 4,5 eta Berriozarrek 2. Hortaz, azken jardunaldiaren faltan nahiko ziurra da Sakanak jantziko duela 265 kiloko txapela. Emakumezkoen 250 kiloko txapelketan Amaiur gailendu zen, eta sailkapen orokorrean ere buruan dago, 6 punturekin. Beti Gaztek 4 puntu ditu eta Berriozarrek 2. Bukatzeko, talde mistoz osatutako kadete mailakoen txapelketan, 295 kilotan, bi talde sakandar daude lehian: Putterri eta Andra Mari. Arbizun jokatutako jardunaldian Basaburuak eta Andra Marik 3,5na puntu lortu zituzten, Txantreak 2 eta Putterrik 1. Sailkapen orokorrean, Basaburua da buru (7 puntu), Txantrea da bigarrena eta Andra Mari hirugarrena, biak 5,5 punturekin, eta Putterrik, laugarrenak, bi puntu ditu. Hurrengoa Berriozarren, maiatzaren 16anHirugarren eta azken jardunaldia maiatzaren 16an jokatuko da, Berriozarko Eguzki Plazan, 17:00etan, eta euria eginez gero, pilotaleku berrian. Soilik emakumezkoen 265 kilokoan dago aski erabakita txapela, Sakanaren alde, baina gainerako txapelak nork jantziko dituen Berriozarren erabakiko da.