Etxarri Aranatzek finalerako txartela lortu du

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako VI. Xiba, Euskal Herrien arteko euskal joko eta jolasen Nafarroako kanporaketa, jokatu zen larunbatean Goizuetan, Goizuetako Txano auzoko festetan hain zuzen. Sakanako bi talde aritu ziren lanean, aurten estreinatu den Etxarri Aranatz eta orain arte parte hartu izan duen Uharte Arakil. Orain arte ere lehiatu izan den Irañetako taldeak ez zuen aritzerik izan, egun horretan bertan Irañetako elkartearen eguna ospatzen zelako. Bada, oso giro polita izan zen Nafarroako Xibako Goizuetako kanporaketan. Guztira sei talde aritu ziren lehian, sakandarrez gain Leitza, Goizueta, Goizueta 2 (Yendenea) eta Iruñaldeko Hiru Herri. Talde bakoitza 16 urtetik goragoko neska eta mutilez osatuta zegoen, eta guztiek 12 proba osatu behar izan zituzten: harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea, dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia), trontza, koxkolak, txingak, zaku eramatea, toka, xiba, musa eta sokatira. Umorez betetako giroan eta saio oso borrokatuan, Leitza izan zen lehena, 117 punturekin. Etxarri Aranatz sei puntu eskasera bigarren sailkatu zen, 111 puntu pilatuz. Goizueta 2 (Yendenea) izan zen hirugarren, 107 punturekin; Iruñerriko Hiru Herri laugarren, 106 punturekin; Uharte Arakil bosgarren, 101 punturekin eta Goizueta seigarren, 93 punturekin. Beraz, oso alde txikia izan zen taldeen artean. Ondoren, guztiak bazkari ederrean bildu ziren. Ekainaren bukaeran oraindik zehaztu gabe dagoen tokian jokatuko den Euskal Herri osoko kanporaketetarako txartela lortu dute, momentuz, Leitzak eta Etxarri Aranatzek, baina antolatzaileek akaso hirugarren tokian sailkatutako taldeak ere gonbida ditzakete finalera, eta kasu horretan Goizueta 2 taldeak izango luke aukera. Uharte Arakilek, tamalez, ez du final handian aritzeko txartelik lortu. Beste batean izango da.