Parlamentuan LAB-i betoa jarri ondoren, NaBai-k lan saio eskaera erretiratu du

Guaixe 2009ko maiatzaren 6a

Sakanako Mankomunitateko Garapen Batzordean aztertuko da ibarreko ekonomia egoeraNafarroa Baiko parlamentari Jose Angel Agirrebengoak, Txentxo Jimenezek eta Koldo Amezketak asteartean prentsaurrekoa eman zuten Iruñean. Jakinarazi zuten Nafarroako Parlamentuan Sakanako ekonomia egoerari buruzko lan saio bat eskatu zutela, baina hura atzera bota zutela UPN-k, PSN-k eta CDN-k LAB sindikatuak parte hartzerik nahi ez dutelako. NaBairen asmoa zen ibarreko eragileak Nafarroako Parlamentura gonbidatzea Sakanan bizi dugun ekonomia egoeraren berri eman eta zenbait proposamen aurkez zitzaten. Gonbidatuen artean LAB sindikatua zegoen. Baina esan bezala, hiru alderdik sindikatu horren presentziari betoa jarri nahi izan zioten, argudiatuz sindikatuko kide batek Nafarroako Parlamenturako aurreneko hauteskundeen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia eten zuela. Koalizioko parlamentariek nabarmendu zuten LABek "pisu nabaria" duela eta "egoera zailetan kontuak utzi eta gaiak errealismoz hartu behar" zirela. NaBaiko kideek LABen baztertzea "guztiz larritzat" jo zuten. Bestalde, aurreratu zuten antzeko lan saio bat eginen dela Sakanako Mankomunitatearen Garapen Batzordean eta ondorioak Parlamentura bidaliko direla.