Jon Arretxeren Oroituz liburua gaztelaniaz

Guaixe 2009ko maiatzaren 6a

Atzo aurkeztu zuten Donostian El sur de la memoria liburua, Jon Arretxeren Oroituz liburuaren gaztelerako itzulpena. Jose Luis Padronek egin ditu itzulpen lanak. Liburuak Ttarttaloren zigilua darama. Bi unibertso paralelo ageri dira liburuan, ekialdea eta mendebaldea. Mendebaldekoa da protagonista, baina bere burua hobeto ezagutu eta bere barne kezkak ase nahian, Nepal eta India iparralderako bidea hartuko du. Gutunak izanen dira bi munduen arteko harreman bide bakarrak. Arbizun bizi den idazleak liburu kuttuna du hau, bere esperientzia pertsonalak baitaude oinarrian. Basauriarrak garai bateko bidaiatzeko modua bota zuen faltan, Himalaia edo Afrikara joan eta erabat isolatuta zeundenekoa, "bakarrik egoten ikasi behar zen orduan, orain berriz edozein txokora iristen dira teknologia berriak" azaldu zuen. Jon Arretxek Estambulerako bidea hartuko du sarri, buruan duen hurrengo liburua idazteko. "Nobela beltza izanen da, ukitu exotikoekin" aurreratu zuen.