Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Carlos Perez Nievas hezkuntza kontseilaria gaurkoan Altsasuko Lanbide Heziketako (LH) institutuan izan da. Berarekin batera, departamentuko zenbait goi kargu ere izan dira. Altsasuko institutuak etorkizunera begira dituen eskaerak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du kontseilariak ibarreko eragileekin egindako bilkuran.EskaerakLau eskaera egin dizkiote kontseilariari Sakanako gizarte eragileek. Lehenengo eta behin, Altsasuko LH ikastetxearen egungo eskaintzari "bultzada" ematea. Bigarrenik, egungo eskaintza hori oinarri hartuta, goi zikloko ikasketaren bat ezartzea. Ikastetxeko arduradunek azaldu digutenez, "mekanizatua edo mantenua litzateke, eskualdean eskaintza handia dutenak". Hirugarrenez, bigarren goi ziklo berri bat jartzeko eskaera ere egin diote sakandarrek kontseilariari. Zehaztu dutenez, "industriarekin loturarik ez lukeen bat izatea nahi genuke (turismoa aipatu da). Gainera, ikasketa hori Nafarroan soilik Altsasun emateko eskatu diote kontseilariari. Perez Nievasi azaldu diote halako ikasketarik ez duen Nafarroako LH-ko institutu bakarra dela. Azkenik, Altsasuko LH institutuan euskaraz ikasketak egiteko bidea emateko eskatu diote Perez Nievas kontseilariari. Gaur egur euskaraz ez da ikasketarik eskaintzen eta 20 irakasleren artean bakarrak du plaza elebiduna. Jakinarazi zaionez, ibarrean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak euskaraz egiten ditu %85ek. Kontseilariari azaldu dizkioten eskaerak aldez aurretik adostuak zituzten.Lan-taldeaMaider Goñik azaldu digunez, "departamendutik eskatu digute hemengo egoeraren inguruko azterlan bat egitea. Enpresa arlotik eskatzen dena, ikasleek zein eskaera egiten duten eta abar... Azterlana egin eta haiei datuak emateko eskatu digute". Gaur bildutakoak hori egiten jarriko dira eta bi aste barru-edo Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin bilduko direla aurreratu digu Goñik. Hurrengoa "teknikoagoa" izanen dela azaldu digu, "gauzak zehazten hasteko". Goñik azaldutakoaren arabera, departamentuaren asmoa da "ikasturte osoa horretan ematea eta 2010-2011 ikasturtean hori aplikatzea". Sakanako udal, irakaskuntza eta lan munduko ordezkari guztiak elkarrekin azalduz "batasun" irudia eman dute kontseilariaren aurrean, haien eskariek sektore guztien babesa dutela adierazteko. Hori nabarmendu du Juanjo Goikoetxeak. Eta gaineratu du "batasun" irudi hori "interesgarria" dela "indarra egiteko". Berak esan digunez, "euskararekin bestelako zalantzak agertu dira. Esaten dute ez dutela aterik ixten. Nik uste dut hori dela sakandarren lana; hau da, lan-talde horretan euskararen aldarrikapena bere horretan mantentzea eta ez ahaztea". Sakanako ordezkaritzaSakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiria. Etxarri eta Altsasuko alkateak Maider Goñi eta Unai Hualde. LHko Institutuko eskola kontseiluan Altsasuko Udalaren ordezkari den Juanjo Goikoetxea. Haiekin batera, Cederna-Garalurreko , Nafarroako Enplegu Zerbitzuko, Sakanako Enpresarien Elkarteko, UGT eta LAB sindikatuetako eta LH-ko eta DBH-ko institutuetako zuzendaritzetako ordezkariak izan ziren. Egungo eskaintzaAltsasuko LH Institutuan ziklo ertaineko mekanizatu, soldadura eta mantenu ikasketak eskaintzen dira. Horrekin batera, DBH ikasketak gainditu ez dutenendako soldadurara hastapen ikastaroa ere eskaintzen da. Gaur egun 70 bat ikasle ditu ikastetxeak. Carlos Perez Nievas, Hezkuntza KontseilariaZer iruditu zaizkizu egin diren eskaerak?Arrazoizko eskaerak dira. Denok ikusten dugu Altsasu, Sakana, salbuespen bat dela. Batetik, gazteak hiriburura ikastera doazelako eta han gelditzen direlako; ez bueltatzera daramatzan exodoa. Eta, bestetik, industria ehunean zailtasunak eskulan nahikoa kualifikatua lortzeko dauden zailtasunez aritu gara. Horrek sortzen dituen kezkak planteatu dituzte. Beste eskualde batzuetan egin den moduan, sindikatu, enpresari, ikastetxeko zuzendaritza talde eta DBH eta Batxilergoko institutuarekin aztertuko dugu nola bideratzen dugun bertako prestakuntza; eman behar diren titulazioak erakargarriak izan daitezen bertako gazteendako. Gainera, titulazioak Nafarroarako (edo Nafarroa zati baterako) espezifikoak izan litezke jendea erakarri eta zentro indartsu bat egiteko bidean. Horretarako 10-15 egunetan bilduko den lan-talde bat sortuko genuke, dauden bideak aztertzeko. Bestalde, eskualde honetan LH ikasketak euskaraz egiteko dagoen eskaeraz aritu gara. Agian, Iruñeko beste eskaintza batzuen aldean eman dakiokeen berezitasuna izan daiteke. Baina, zaila da eskaera gutxi badago; areago, hizkuntz ereduengatik taldeetan banatu behar badira. Hori azterketa sakonagoetarako utziko dugu. Burgetek zioen Lehendakari aldaketak aukerak sor zitzakeela. Arlo horretan sor litekeen aukeretako bat da hau?Hori bereziki esan zuen Eusko Jaurlaritzarekin euskararen gaian lortzen den edozein akordio goitik behera ez begiratzeko. Guztia da kolaborazio aukera. Gure eskaintzan erakargarriak bagara, bertako eta inguruetako probintzietako ikasleendako ere izanen gara erakargarri. Ez dadila hemen bezala gertatu; ikusi dugu nafarra ez zen zentro baten publizitate modukoa zegoela, jendea nafarra ez zen zentro batean matrikulatzeko. Guk gai izan behar dugu hori ez gertatzeko, badugulako nahiko maila hango eta hemengo ikasleak erakartzeko. Ez badugu hala egiten, Gipuzkoa edo beste edozein tokitatik etorriko dira bertako ikasleei eskaintza egitera. Izan ere, potentziala, gutxi, baina, egon badago.