Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, apirilean Altsasuko enplegu bulegoan 42 pertsona gehiagok eman dute izena. Horrek mila langabetuen muga gainditzea ekarri du. Gaur egun, zehazki, 1.025 dira lan bila dauden pertsonak. Datuak bestela emanda, apirilean langabezia Sakanan %4,27 hazi zen. Nafarroan gehien igo den eskualdea da gurea.Martxoan % 4,9koa izan zen hazkundea. Baina aurreko lau hilabeteetako datuak baina askoz ere txikiagoa da hazkundea azken bi hilabete hauetan (azaroan %11,5; abenduan %8,3; ilbeltzean %18,2 eta otsailean %9,3). Urtea hasi zenez geroztik, 300 langabetu gehiagorekin luzatu da langabeziaren zerrenda ibarrean. Sakanan krisia nabaritzen hasi zenetik, iazko azarotik, 525 langabetu gehiago daude Altsasuko enplegu bulegoan. DatuakNafarroako Enplegu Zerbitzuaren datuen arabera, Altsasuko enplegu bulegoan izena emanda dauden 1.025 sakandarretatik 540 emakumeak dira (aurreko hilean baino 2 gehiago). Gizon langabetuak, berriz, 485 (40 gehiago). Adinari erreparatuz gero, lan eskaera egin duten 25 urtez azpikoak 198 dira (124 gizon eta 74 emakume). 25 urtetik gorako lan eskatzaileak, berriz, 827 dira (466 emakume eta 361 gizon); bestela esanda, 36 heldu eta 6 gazte gehiago.SektorekaAltsasuko enplegu bulegoan izena eman duten gehienek, 491 (12+), zerbitzuen arloan lan egin nahiko lukete. Industria sektorean lan egiteko prest 387 (31+) langabetu daude. Eraikuntza arloa da langabetuen eskaera gehien jaso dituen hirugarren sektorea. Gaur egun 85 pertsonak (1+) lan eginen lukete arlo horretan. Bigarren hilabetez jarraian abeltzaintza arloan lan egiteko prest dauden langabe sakandarren kopurua 15era jaitsi da (5 gutxiago, eta bi hilabeteetan 11 gutxiago). Azkenik, aurretik lanik ez zuten eta enplegu bila dabiltzanen kopurua 47 pertsonarena da (3+). Bestalde, apirilean, Altsasuko enplegu bulegoan aldi baterako 220 kontratu eta beste 23 mugagabe itxi ziren. Herrialdea Nafarroari dagokionez, apirilean 148 nafar gelditu dira lanik gabe, aurreko hilabetean baino %0,39 gehiago besterik ez. Beraz, gaur egun 38.459 langabe daude Nafarroan. Haietatik 19.409 gizonak dira eta 19.050 emakumeak. Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, apirilean "otsailean eta martxoan izandako langabeziaren hazkundearen moteltze-joera baieztatu da, baina langabeziak gora egin du, eta hori negatiboa da beti". Era berean, zuzendariaren esanetan, apirilean lanik gabe gelditu direnak aurretik lanik egin ez duten pertsonak dira, lan-merkatuan lehenengoz sartu direnak, 150 pertsona inguru.