Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tropel afizionatuen egutegian gorriz dagoen zita bat abiatuko da gaur: 23 urtez azpiko Bidasoako Itzuli entzutetsua. 16 talde ariko dira lehian, tartean Sakanako Rural Kutxa. Hain zuzen ere Sakanako taldeko txirrindulariak - Ruben Garcia, Julen Gonzalez, Garikoitz Bravo, Florentino Marquez, Pablo Torres, Arturo Ariño eta Jon Oria - eta Trasmiera Fujiko Pedro Merino dira itzulia irabazteko faborito nagusienak, Naturgaseko Mikel Landarekin batera. Izan ere, parte hartzearen aldetik eta itzuliaren beraren antolakuntzagatik, kalitate handiko itzulia izango da. Aipatutako taldeez gain, Errusiako Lokomotiv aipatzeko modukoa da. Horretaz gain, Dueva, Seguros Bilbao, Lucchini, La Pomme, Entente, Deschuytter, Andalucia Cajasur, Froiz, CNN-Terra I Mar, Baque, Lizarte, Bidelan, Azysa, Debabarrena, Bruesa eta Belca ere izanen dira lanean. Beraz, gozatzeko moduko egunak datoz. Gaur Irunen hasi eta despedituko den 117 km-ko etapari egin beharko diote aurre, hirugarren mailako Gurutze eta Meagas mendateekin. Ziurrenik, sprintean erabakiko da lehia. Bihar Hondarribian hasi eta despedituko den etaparekin desberdintasunak agerian jartzen hasiko dira, Jaizkibel igo beharko baitute, helmugarako 11 kilometroren faltan. Ostiralean, Beran hasi eta despedituko den etapan, Belate eta Gorostieta mendateak izanen dira. Larunbatean jokatuko da azken etapa, Irunen, lehen mailako Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz igoera gogorrekin. Ziurrenik hor erabakiko da guztia.