Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte osoan barna entrenatu eta lehiatzen dira Sakana Igeriketa Taldeko kideak, baina orain estreinatu dute ekipamendu berria. Egun 40 kide ditu taldeak: 18 benjamin, 6 kimu, 9 haur, 5 gazte eta absolutu bat. Gehienak altsasuarrak dira, baina badaude Etxarri Aranatz, Lakuntza, Uharte Arakil, Olazti eta beste herritakoak ere. Guztiak Mikel Galan entrenatzailearekin aritzen dira lanean. "Urte luzez Arbizuko kiroldegian aritu izan gara lanean eta horregatik guztiagatik Arbizuko Udalari eta kiroldegiari eskerrak eman nahi dizkiogu" diote zuzendaritzako kideek. Altsasuko Zelandi kiroldegiak ateak zabaldu zituenetik, bertan aritzen dira. Benjaminak astearte eta ostiraletan aritzen dira entrenatzen, 19:00etatik 21:00etara, eta gainerako guztiak astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19:30etik 21:30era. Ordu horietan entrenatu ahal izateko Altsasuko igerileku estalietako bi kale dituzte erreserbatuta, kiroldegiko baldintza teknikoen pleguan jasotzen diren baldintzei esker. Gustura daude bertan, eta igerilekuen nobedadea dela-eta altsasuar asko apuntatu direla nabarmendu dute, eta horregatik benjamin asko daudela taldean. Sakanako Igeriketa Taldearen diru sarrera nagusiak gurasoek ordaindutako kuotak, Sakanako Mankomunitateak emandako diru laguntza eta Nafarroako Kutxako "Zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu" ekimenaren 16.336 proiektuan egiten diren diru-ekarpenak dira. Nafar Kirol Jolasetako Igeriketa Txapelketan lehiatzen dira Sakanako Igeriketa Taldekoak, eta baita inguruko txapelketetan ere. Ildo horretan, maiatzaren 30ean Nafar Kirol Jolasen Igeriketa Txapelketako jardunaldia hartuko du Altsasuko Zelandi Kiroldegiak, eta Sakanako taldeari egokituko zaio antolakuntza eta kronometraje lana egitea.