Jaizkibel dute zain gaurko Bidasoako Itzuliko etapan

Guaixe 2009ko maiatzaren 6a

Atzo abiatu zen 23 urtez azpiko afizionatuen Bidasoako Itzulia, luxuzko parte hartzearekin. Atzo Irunen hasi eta Hendaian despeditu zen 123 kilometroko lasterketa, eta 37 txirrindularik burututako esprintean erabaki zen. CNN-Valencia taldeko Jose David Martinez izan zen guztien artean azkarrena (2:51:52), Errusiako Lokomotiv taldeko Dimitry Ignatiev eta Alexander Ryabkinen aurretik. Probako lehen nafarra Naturgas taldean dabilen Xabier Zabalo olaztiarra izan zen, helmugan 15.a heldu eta gero. Espero baina erabakiorrago izan zen atzoko etapa, lehen taldean 37 txirrindulari bakarrik heldu zirelako eta hainbat faborito 48 segundora sartu zirelako, Naturgaseko Landa, Seguros Bilbaoko Morras eta Rural Kutxako lau txirrindulari - Julen Gonzalez, Garikoitz Bravo, Pablo Torres eta Florentino Marquez - . Rural Kutxak luxuzko taldea aurkeztu du Bidasoarako, baina talde honetatik soilik berriki Arabako Hiru Egunak irabazi dituen Ruben Garciak lortu zuen lehen taldean heltzea. Gaur Hondarribian atera eta despedituko den etapa ezaguna jokatuko da, 133 kilometrokoa, lehen mailako Jaizkibelgo portuaren igoerarekin, helmugatik 13 km-ra. Etapa honek selekzio handiagoa eginen du txirrindularien artean. Ea gaur nola moldatzen diren Rural Kutxakoak. Larunbatean despedituko da Bidasoako Itzulia. Ostiralean, Beran hasi eta despedituko den etapan, Belate eta Gorostieta mendateak izanen dituzte aurre txirrindulariek. Larunbatean jokatuko da azken etapa, Irunen, lehen mailako Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz igoera gogorrekin. Ziurrenik gaurko etapan eta larunbatekoan erabakiko da guztia.