Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1984ko maiatzean zabaldu zituen ateak Irurtzungo Iratxo elkarteak. Aurretik, 70. hamarkadan, herriko gazte talde batek Lagun Berriak izeneko mendi taldea sortua zuen, eta Irurtzungo Kontzejuaren etxetxo bat erabili zuten zenbait urtez. Baina bertan eraikin berriak jaso behar zirenez, Lagun Berriak elkartea jende gehiagorekin jarri zen harremanetan eta 1982-1983 urte bitartean etxe berri bat erostea erabaki zuten. Horrela sortu zen Iratxo elkartea, 102 bazkidek egindako auzolan lanari esker. Bazkideak eta bizialdi oparoaNahiz eta elkartearen jarduera nagusietakoa gastronomia izan, Iratxo Elkartean makina bat ekitaldi antolatzen dituzte kultura batzordekoek - kultur ekitaldiak eta beste - , mendi batzordekoek - berriki antolatutako XX. Sakanako Ibilaldi Handia eta mendi irteerak - , eta botxa batzordekoek - botxa ikastaroak eta txapelketak, tartean - . Gainera, Irurtzungo Udaleko Kultur Kontseiluan parte hartzen dute. Bizialdi oparoa du, bada, elkarteak. Egun 101 bazkide dira, gizonak eta emakumeak, eta nahiz eta elkartean sartzeko makina bat eskari jaso, momentuz ez dute bazkideen kopurua igoko. "25 urte hauetan bajak eta altak izan dira eta bost bazkide hil ziren, oraindik ere gogoan ditugunak. 101 gara orain, eta bazkideen kopurua igoz gero, edukiera arazoak sortuko lirateke elkartean. Hortaz, momentuz horrela geratzea erabaki genuen asanblada batean" azaldu du Iratxoko presidente Patxi Alegrek. 25 urte betetzeagatik pozik daude Iratxokoak, elkarren arteko harremana ona delako eta elkarteak antolatutako ekitaldietan eta elkartean igarotzen duten denboran bikain pasatzen dutelako. Elkartean aldaketak edo lanak egitea aurreikusten duten galdetuta, Patxi Alegrek dio hasieratik auzolanez egiten direla lanak Iratxon, eta filosofia horrekin jarraituko dutela. Berriki komunak konpondu zituzten, oztopo arkitektonikoak kentzeko. "Lokal ederra dugu. Goiko pisuan bulegoa, biltegia, kultura eta kirol materiala gordetzeko gela, haurrendako gela eta beste ditugu, eta akaso etorkizunean bertan zerbait egitea polita litzateke, goiko pisua gehiago aprobetxatzeko. Ikusiko dugu" gaineratzen du presidenteak. Bada, 25 urte emankorrak ospatzeko egitarau zabala prestatu du Iratxok. "Dugun elkartea herriari erakutsi nahi diogu eta horretarako ateak zabalduko ditugu. Gure artean elkarbizitza ona dugu, baina horrek ez du esan nahi bizi garen mundutik kanpo gaudela eta inguratzen gaituenak kezkatzen ez gaituela. Horregatik, hitzaldiak antolatu ditugu eta baita ospakizunak ere" azpimarratzen du Alegrek. Ospakizunak gaur hasi eta maiatzaren 23an despedituko dira. 25. Urteurreneko ospakizunak Iratxon-Maiatzak 8, ostirala: 20:00etan hitzaldia Juantxo Madariagaren (historialaria eta NUP-eko irakaslea) eskutik. Gaia: "1984-2009. Munduan izandako gertaera aipagarrienak". -Maiatzak 9, larunbata: 19:30ean hitzaldia Carlos Vilchesen (soziologoa eta NUP-eko irakaslea) eskutik. Gaia: "1984-2009. Nafarroa-Euskal Herria). Ondoren afaria Iratxon, eta afalondoan, 23:00etan, kontzertua Belceblues taldearekin, Aizpeak lagunduta. -Maiatzak 10, igandea: Iratxoko Mendi Taldeak antolatuta, 9:00etan Ergara igoera, bertan mendizaleen gutunontzia jartzera. Goian ekitaldia, aurreskua eta beste. -Maiatzak 15, ostirala: 20:00etan hitzaldia, Txiki Iriarte, Eduardo Murugarren eta Patxi Mikeoren eskutik. Gaia: "1984-2009. Irurtzun, gizartea, kultura eta politika". -Maiatzak 16, larunbata: Bazkidearen eguna. Elkarteko ateak irekita izanen dira edozeinendako. Irurtzungo elkarteak eta kolektiboak gonbidatu dituzte. 11:00etatik aurrera Iratxoren historiaren proiekzioa, botxen erakusketa eta auzatea. Arratsaldean bazkideak elkartu eta kalejira eginen dute herrian barna. 22:00etan afaria eta afalondoa mariatxiekin. -Maiatzak 23, larunbata: 16:30ean bazkideen kafe tertulia eta solasaldia. "Iratxo 25 urtez". Proiekzioak, solasaldia, eta abar.ERAKUSKETAK-Maiatzaren 8tik 10era bitartean, Iratxoko Mendi Taldeak kirol materialaren erakusketa antolatu du: Sakanako Ibilaldi Handiko kartelak, egutegiak, diapositibakk eta abar. -Maiatzaren 10etik aurrera Iratxoko ekitaldien inguruko erakusketa iraunkorra izanen da ikusgai. Oharra: Ekitaldi guztiak irekiak dira, maiatzaren 23ko solasaldia izan ezik, hori soilik bazkideendako izanen da.