Gizarte zerbitzuetako langileek Altsasuko sozialisten "desitxuraketa" salatu dute

Guaixe 2009ko maiatzaren 14a

Asteartean Altsasuko sozialisten udal taldeak gizarte zerbitzuen mankomunitateari buruz esandakoak "nahita egindako desitxuraketa eta manipulazioa"  direla salatu dute langileek. Haien lan arloko aldarrikapenak duela hiru urte abiatu zituztela gogoratu ondoren, langileek sozialistei leporatu diete "argudio faltsuak erabiltzea NaBairekin dituzten etengabeko tirabirak bizitzeko". Aldi berean, "lotsagabekeriatzat" jo dituzte zinegotzi sozialisten adierazpenak. Gizarte Zerbitzuetako langileek ukatu egin dute soldata %20 igo zaienik. Langileek gogora ekarri dute "urteak daramagu gainontzeko gizarte zerbitzuek baino gutxiago kobratzen eta haiekin berdintzea eskatu dugu". Langileek azaldu dutenez, "iaz %15eko lan osagarria lortu zen (gobernuak eta udalek erdi bana ordainduta). Asmoa da aurten %5 handitzea osagarria eta hala jarraitzea 2.011n erabat berdindu arte". Sozialistek udaleko gainontzeko langileekiko salatu duten diskriminazioa non dagoen galdetu dute gizarte zerbitzuetako langileek. Sozialistek adierazi zutenez NaBaik negoziazioa hautsi egin zuen. Langileen ustez, berriz, "sozialisten esku zegoen egoera enkistatu baterako alternatibak proposatu zituzten". Gizarte zerbitzuetako langileek zinegotzi sozialistari leporatu diote bileretara negoziatzera ez joatea, galderak ez erantzutea eta langileak saihestea.EskaeraMankomunitatearen azken batzordean %17ko igoera onartu zuela ere esan zuten bozeramale sozialistek eta langileek "non dagoen jasoa, zein kontzepturena edo zertarako argitzeko" eskatu dute. Bestalde, argitu nahi izan dute gaur egun ez dagoela langileen eta presidentziaren artean lotura eginen duen langilerik, "bi ordezkari sindikal daude". Lotura eginen lukeen langile horren egitekoa zerbitzuaren komunikazio eta kudeaketa hobea bermatzea litzatekeela azaldu dute langileek. Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko langileek, bukatzeko, "beraien liskarretan ez sartzeko" eskatzearekin batera "haien aldetik, egoera ulertzeko ahalegin handiagoa egiteko" eskatu diete sozialistei, "zerbitzu publiko baten funtzionamenduaz eta haren langileen lan baldintzez ari baikara".