Atzo agurtu zen Artea Oinez Iruñetik

Guaixe 2009ko maiatzaren 11

Atzo itxi zituen ateak Iruñeko Artea Oinez 09 erakusketak. Haren antolatzaile Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak amaiera berezia eman nahi izan zion goi mailako arte erakusketari: lehen aldiz bisita gidatua antolatu zuen Iruñeko erakusketa agurtzeko.Maritxu Intxausti margolari eta eskulturagileak gidatu zuen bisita. Haren azalpenak jarraiki, erakusketako margolan, eskultura eta argazkien ezaugarri nagusiak ezagutzeko parada izan zuten bertan bildu ziren 30 lagunek. Erakusketan parte hartu duten zenbait artista ere Iruñeko gotorlekuko Armen Aretora hurbildu zen, haien lana aurkeztu eta ikusleen galderei erantzuteko prest. Jose Ignazio Agorreta, Angel Arbe, Belen Arevalo, Angela Moreno, Xabier Morras, Sagrario San Martin, Josetxo Santos, Koldo Sebastian eta Javier Villarreal haien artelanaren eta jendearen artean jarri, eta artelanaren sormen prozesua izan zuten hizpide. Ikusleen jakin-mina ase nahian lasai eta gustura egon ziren denak eta uste baino lehen iritsi zitzaien bazkal garaia. "Ibilbide arrakastatsua du Artea Oinez erakusketak, baina hau da bisita gidatua antolatu den lehen aldia" azaldu zigun Eneka Maizek. "Emaitzak ikusita, aurrerago ere bisita gidatuak antolatzea aztertzen ari gara" esan zuen. Iruñeko erakusketa amaituta, Artea Oinezek Donostiarako bidea hartuko du ekainean. Sakanara irailean iritsiko da. Beraz, Euskal Herriko 67 artisten arte lan ederrak ikusteko parada izanen dugu etxetik bertan, tartean, Sakanako artistenak: Asun Goikoetxea, Dora Salazar, Manuela Arregi, Sagri Mauleon, Helena Santano, Koldo Arnanz, Itziar Nazabal, Miren Ustarroz, Txuspo Poyo, Dora Salazar, Mikel Okiñena eta Jose Ramon Andarenak.