Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldia lagun zutela, Altsasuko eta Etxarriko dantzariak kalera atera ziren larunbatean, Etorkizuna dantza eskolaren 15. dantzari txiki eguna ospatzera. Sakandarren festarekin bat egin zuten haien gonbidatuek, Arrasateko, Urretxuko eta Oreretako dantzari txikiek. Goizean goiz eman zioten hasiera ospakizunari. Etxarriarrek haien herrian hartu zituzten Arrasateko dantzari txikiak. Altsasuarrek, berriz, Urretxuko eta Errenteriako dantzariei egin zieten harrera. Txistu eta danbolinen doinu alaiekin kalejiran, plazara gonbidatu zituzten herritarrak. Ondoren, eguerdian, dantzaldiak eskaini zituzten Etxarriko eta Altsasuko plazan. Bazkaldu eta gero, Altsasuko Iortia kultur gunearen aurreko plazan bildu ziren lau dantza taldeak. 100 dantzarien ikuskizun paregabeaz gozatu zuten bertan bildu ziren ikusleek. Etorkizuna dantza eskolak 90eko hamarkadaren erdialdean jarri zuen abian bere eguna, euskal dantzak bultzatzeko, dantzarien bilkura egin eta taldeek esperientziak trukatzeko helburuarekin. 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen dantza eskola Altsasun. Gaur egun, 5 eta 14 urte arteko 40 ikasle ditu Altsasun eta Etxarri Aranatzen.