Lokomotiveko Ignatiev nagusi Bidasoako Itzulian

Guaixe 2009ko maiatzaren 11

Larunbatean despeditu zen 23 urtez azpiko afizionatuen Bidasoako Itzuli famatua. Irunen hasi eta despeditu zen, eta azken etapak erabaki zuen dena, Erlaitzko igoerak eta bereziki jaitsierak. Jaitsiera horretan Lokomotiv taldeko Ignatiev eta Ryabkinek, Rural Kutxako Ruben Garciarekin batera, ihes eginda zihoan Naturgaseko Mikel Landa harrapatu zuten, eta guztien artean talde sakandarreko Ruben Garcia gailendu zen (2:07:26). Lokomotiv talde errusiarreko Dimitry Ignatiev bigarrena izan zen, 2 segundora, eta haren taldekide Ryabkin hirugarrena, 9 segundora. Baina Ignatievek sari preziatuena eman zuen, bera izan baita Bidasoako Itzuliko garaile, ordura arteko Soplao taldeko Arturo Mora liderra Erlaitzen atzean geratu eta gero. Bigarrena haren taldekide Ryabkin izan zen, 7 segundora, eta hirugarrena Mora, 11 segundora. Lokomotivek ere taldekako sailkapena irabazi zuen. Naturgasen dabilen Xabier Zabalo olaztiarra 33.a izan zen azken etapan, eta sailkapen orokorrean 17.a sailkatu zen. Rural Kutxak lasterketa irabazteko asmoa zuen baina Ruben Garciaren etapa garaipenarekin konformatu behar izan da talde sakandarra. Rural Kutxako De la Parte garaile AbadiñonLarunbatean Rural Kutxa talde sakandarreko Victor de la Partek irabazi zuen Abadiñoko lasterketa, haren taldekide Adrian Saez de Arregiren eta Bidelango Maezturen aurretik. Bidelango Artolari katea apurtu zitzaion garaipena eskuan zuenean, eta horren ondorioz nagusitu ziren besteak. Rural Kutxako Ferrari hirugarrena LaudionNaturgas taldeko Jagoba Arberas nagusitu zen igandean jokatutako Laudioko lasterketan. Malkuartu eta Garateko portuek erabaki zuten lasterketa, Garateko portuko jaitsierak bereziki. Arberasek erritmo izugarria jarri zuen jaitsieran eta bakarrik heldu zen helmugara (3:20:55), bere palmaresa mustuz. 44 segundora heldu zen Telcom taldeko Belmoukhtar eta 46 segundora Rural Kutxako Fabricio Ferrari. Bestalde, Torredonjimeno Klasikoa jokatu zen Jaenen, Espainiako Koparako baliagarria. Raul Alarconek irabazi zuen lasterketa. Rural Kutxako Ruben Martinez laugarrena izan zen. Aldaluciako Montenegro bosgarrena izan zen eta berak jarraitzen du sailkapen orokorreko lider, bi lasterketen faltan.Rural Kutxako Ruben Garcia da Euskaldun Torneoko buru, 100 punturekin. Burundako Txoperena garaile GaresenLarunbatean gazte mailako lasterketa jokatu zen Garesen. Burunda Txirrindularitza Klubeko txirrindulariek dominatu zuten proba, eta podiumean talde sakandarreko hiru txirrindulari igo ziren: Lehena Beñat Txoperena izan zen, bigarrena Alvaro Sorbet eta hirugarrena Andoitz Azurmendi. Burunda Klubak talde onenaren saria jaso zuen eta Mendiko sailkapena bereganatu zuen.