Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriki Nafar Kirol Jolasen Pistako kanporaketak jokatu ziren, eta Cristina Aldeanok, Maialen Unanuak eta Gaizka Ocañak lortu zuten maiatzaren 23an eta 24an Txantrean jokatuko diren Espainiako Pista Txapelketetan aritzeko txartela. Orain zirkuituaren txanda da eta haur mailako eta gazte mailako zirkuitu kanporaketak jokatuko dira asteburu honetan, Iruñeko San Juan kirol instalazioetan. Larunbatean 16:00etatik aurrera ariko dira lanean, eta igandean goizeko 10:00etatik aurrera. Olaztiko Sutegi Taldea Altsasuko Irristaketa Taldea eta Urdiaingo Aitziber taldea kontuan hartuta Sakanako zortzi gaztetxo ariko dira lehian, haur mailako zazpi eta gazte mailako bat. Proba bakoitzean sailkatutako lehen zazpi irristalariek lortuko dute uztailaren 4an eta 5ean Gasteizen jokatuko diren Espainiako Zirkuitu Txapelketetan aritzeko txartela.Horretaz gain, kimuen mailako Nafar Kirol Jolasen irristaketa finalak jokatuko dira larunbat goizean Iruñean. Olazti, Altsasu eta Urdiaingo 9 irristalari ariko dira.