Sekulako giroa Sakanako herri kirol topaketan

Guaixe 2009ko maiatzaren 13a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Sakanako ikastetxeekin elkarlanean Sakanako ikastetxeen arteko herri kirol topaketa antolatu du Arbizuko kiroldegian. Bertan Sakanako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasle guztiak bildu dira, guztira 202 ikasle, ondoko zentrotatik etorriak: Domingo Bados, Jesusen Bihotza, Iñigo Aritza, Zelandi, Urdiaingo eskola, Arrano Beltza, Andra Mari, San Donato, Luis Fuentes, San Migel eta Atakondoa. Arbizuko kiroldegiko harmailak kolorez, oihuz eta animuz bete dituzte. Lehenik eta behin Kañamares anaien aizkora erakustaldiaz gozatzeko aukera izan dute guztiek. Erakustaldian ere Sakanako Aizkora Eskolan formatzen ari den Kepa Paniagua gaztetxoak parte hartu du. Eta ondoren hasi da Sakanako gaztetxoen lana. Taldeak osatu dituzte ikastetxe ezberdinetako ikasleak nahastuaz eta herri kiroletan lehiatu dira guztiak, koxkolak, txingak, zakua, korrika eta zama lanetan, besteak beste, primerako giroan. Izan ere, saio guztietan sekulako animu oihuak entzun dira Arbizun. Herri kirolekin zuten lehen lotura zen askorendako, eta esperientzia polita dela zioten guztiek.