Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako hirugarren eta azken saioa hartuko du Berriozarko Eguzki Plazak, 17:00etatik aurrera. Euria eginez gero, frontoi berrira lekualdatuko da ekitaldia. Lehenik eta behin gizonezkoak ariko dira, 300 kilotan; bigarrenik emakumezkoak, 265 kilotan, tartean Sakana taldeko neskak; hirugarrenik emakumezkoak, 350 kilotan; eta azkenik, kadete mailako talde mistoak, 295 kilotan. Azken honetan ari dira Sakanako Andra Mari eta Putterri taldeak. Emakumezkoen 265 kiloko lehian Sakana dago buruan eta txapela Sakanara ekarriko dutela kontu ziurra da. Sakanako neskek 8 puntu dituzte, Amaiurrek 5,5 puntu, Beti Gaztek 4,5 eta Berriozarrek 2. Aldiz, gainontzeko txapelketatan gauzak ez daude batere argi, eta Berriozarko jardunaldiak erabakiko du.Gizonezkoetan Berriozar A da buru, 7 punturekin eta atzean daude Berriozar B (6 puntu), Amaiur A (5 puntu) eta Amaiur B (2 puntu). Emakumezkoen 350 kiloko txapelketan Amaiurrek 6 puntu dauzka, Beti Gaztek 4 eta Berriozarrek 2. Hortaz nahiko estu dago lehia. Gauza bera gertatzen da kadete mailakoen txapelketan, 295 kilotan. Momentuz Basaburua da buru, 7 punturekin. Txantreak eta Andra Marik 5,5 puntu dauzkate eta Putterrik bi puntu. Ea txapelak gurera datozen.