Gero eta gutxiago falta da Sakandarren Egunerako

Guaixe 2009ko maiatzaren 15a

Aldaketarekin dator aurtengoan Sakandarren eguna. Bat baino gehiago gainera. Aurrenekoa antolakuntzari dagokiona da. Orain arte ibarreko euskara taldeetako,hainbat elkarte gastronomietako kideak eta jendea maila pertsonalean aritzen ziren antolaketan. Hausnarketa prozesu baten ondoren egunaren antolaketarako erakundea sortzea erabaki dute. Elkarte berriak Mustutzen izena du. Mustutzen elkartea, beraz, arduratuko da Sakandarren Egunaren antolaketaz. Elkarteko kideak hasi dira egitaraua prestatzen eta horrekin batera heldu da beste aldaketa bat. Orain arteko bost edizioetan larunbatean ospatu da Sakanadarren Eguna. Aurten, berriz, igandean izanen da, edo domekan, Olatzagutian esaten den moduan. Burundako herri horrek hartuko baitu maiatzaren 24an ibarreko festa.BazkariaMustutzen elkarteak egitarauari azken ukituak ematen ari da. Baina dagoeneko aurreratu du, urtero moduan herri bazkaria izanen dela. Hartan izan nahi duenak herrietako ohiko tabernetan eros ditzake txartelak edota Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzara joz (948 464 866). 12 urte bitarteko haurrek 6 euro ordaindu beharko dute eta helduagoek 12.Jakinik asteburuetan jende askok mendian edo basoan buelta bat ematen duela, Mustutzen elkarteko kideek mendizale horiengana zuzendu dira eta 24rako plana proposatu diete: mendiz, basoz edo dermioko bidetik haien pausuak Olatzagutiarantz zuzendu ditzatela eta gero han Sakandarren Egunaz gozatu dezatela.