Immigrazio Zerbitzuaren urteurrenean balorazio baikorra egin dute

Guaixe 2009ko maiatzaren 14a

Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuak aurreneko urtea bete du eta bere arduraduna, Bego Zestau immigrazio teknikaria, "pozik" agertu da iaz egindakoarekin. Aurreneko urte honetan Immigrazio Zerbitzua bere jarduera aurrera eramateko oinarrizko hiru gizarte zerbitzuekin, hainbat eta hainbat gizarte eragile eta pertsonekin, baita etorkinen elkarteekin ere aritu da. Bego Zestauk esan digu zerbitzuaren lan ardatzak 6 izan direla: lana; gizarte zerbitzuak; osasuna; haurtzaroa eta gaztaroa; parte-hartzea eta sentsibilizazioa. Antolatutako jardueretan mila partaidetik gora izan direla esan digu Begok. Arreta zerbitzuaSakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak lan ildoak garatzeaz aparte, arreta zuzena eskaini du ere. Iaz 120 gizon-emakumeren, talderen eta erakunderen eskaerak jaso zituen zerbitzuak. Eskaera ezberdinak izan ziren: prestakuntza, lana, etxebizitza, immigrazio zerbitzuen ingurukoa, arrazakeria ekiditeko laguntza eta beste. Immigrazio Zerbitzua jendearengandik hurbilago egoteko Bego Zestau ibarreko gizarte zerbitzuen egoitzetan egoten da: astelehenetan Etxarri Aranazkoan; astearteetan, Irurtzunen eta ostegunetan Altsasukoan. Asteazken eta ostegunetan teknikaria mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan. Ikerketarako aukeratuaSakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuaren jarduna ibarreko mugak ere gainditu ditu aurreneko urteurren honetan. 1º de Mayo Fundazioak, Lan eta Immigrazio Ministerioaren laguntzaz, estatuan garatzen ari diren etorkinendako harrera planetan praktika baikorren inguruko ikerketa egin zuen. Nafarroa ordezkatzeko Sakanako esperientzia aukeratu zuten iazko ekainean.Hala, Sakanan arlo horretan egiten denaren berri eman zuten Madrilen zerbitzuko ordezkariek. Hainbat profesional eta adituk izan zuten ibarrean landutako ildoen berri. Fundazioko kide bat ere Sakanan izan zen eta esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Horretarako, hainbat erakunde, eragile eta pertsonekin elkarrizketatu zen. Antza, ikerketa horretan ikusi eta ikasitakoa liburuxka batean jasoko da. Immigrazio Zerbitzuak hautaketa "oso pozik" hartu zuen. Batetik, "Immigrazio Zerbitzua ireki berria bada ere, hasierako pauso edo hastapenak modu baikorrean egin dituela aitor dezakegulako". Eta, bestetik, "ikaragarrizko errekonozimendua suposatu duelako daramagun lerrotik lanean jarraitzeari begira", hau da, "kulturartekotasunaren bidetik ibiltzen ongi hasi garela eta aurrera begira lanean tinko jarraitzeko izugarrizko bultzada izan da". AurtenAurrera begira Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak parte hartzera gonbidatu gaitu, "kulturartekotasunaren bidea luzea da. Pauso batzuk eman ditugu, oso emaitza baikorrekin, baina pauso gehiago eman nahi ditugu". Zerbitzuaren azken helburua "etorkinen integrazioa errazteko bideak edo ateak irekitzea da. Horretarako, bai etorkinek nola bertako jendeak jarri behar dugu gure aldetik". Hori dela eta, Immigrazio Zerbitzuak desio du etorkinendako duen harrera plana "Sakanako gizarteak antolatzea, osatzea". Arrazoi horregatik sakandar guztiak animatu dituzte "kultura ezberdinen topaketekin, edota immigrazioarekin zerikusia duen edozein proposamen immigrazio zerbitzura helaraztera". Horretarako, 648 070 710 telefonoa edo immigrazioa@sakana-mank.com helbidera mezua bidal daiteke. ArlokaLanaIbarrera bizitzera etorri diren auzo berriei zuzenduta, eta lana bilatzeko teknikak ikasteko helburuarekin, ikastaro bat antolatu zen Irurtzunen, zeinetan 10 pertsonek parte hartu zuten.Gizarte zerbitzuakEtorkinekin zuzenean ari diren hezkuntza, aisia, eta gizarte zerbitzuetako profesionalei zuzenduta, Kulturartekotasuna eta familia ikastaroak antolatu ziren. 25 pertsonek eman zuten izena. OsasunaBurunda mendebaldeko hiru herrietako 14 pertsonek osasun programa batean parte hartu zuten, arlo horri buruzko beharrezko ezagutzak izan zitzaten. Altsasuko gozogintza eskolan, bestalde, 18 pertsonek sukaldaritza osasuntsua ikastaroan parte hartu zuten.     Haurtzaroa eta gaztaroaKulturen arteko olinpiadak, ipuin kontalari saioak eta antzezlana hartu zuen kulturen arteko programaketa hirugarren aldiz errepikatu zen, aurreko edizioen arrakasta berarekin. Lehen Hezkuntzako 420 neska-mutilek parte hartu zuten. Horretaz gain, gazteei zuzendutako nazioarteko futbol sala txapelketa jokatu zen Etxarri Aranatzen. Talde bakoitzean bi nazionalitate ezberdinetako jokalariak zituzten taldeak osatu zituzten 76 sakandarrek. Parte hartzea4 jarduera eraman ziren aurrera arlo honetan. Alde batetik, Altsasuko gozogintza eskolan egin zen Kulturen Arteko I. Gastronomia Astea. Munduko hainbat txokotako jakiak dastatzeko aukera izan zuten 29 pertsonek. Altsasuko ekuatortarren elkartearekin elkarlanean,eta bigarren urtez jarraian, Olentzero eta Aita Noel haurrei eskainitako festako protagonista izan ziren. 200 bat haurrek eta helduk parte hartu zuten, bai etorkinak nola bertakoak, %50ko proportzio estimatuan. Altsasuko Zubiondo elkartean ere mus eta 40 karta jokoen topaketa egin zen. 50 bat pertsona aritu ziren jokatzen, gainera Ekuadorko jaki tipikoak dastatzeko eta musika entzuteko aukera ere izan zuten bildutakoek. Irurtzunen, bestalde, kulturen arteko astea ospatu zen estreinakoz, hainbat eragileren laguntzarekin. 260 parte-hartzaile izan ziren tailerretan, hitzaldietan, galdeketan eta azken festa handian.SentsibilizazioaArlo honetan sartu dira immigrazio zerbitzuari ikurra emateko logotipo lehiaketa eta immigrazio teknikariak Guaixe astekarian eta Beleixe irratian egindako kolaborazioak.