ELAk eta LABek greba orokorrera deitu dute

Guaixe 2009ko maiatzaren 14a

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia egin dute. Asteazkenean aurreneko bi sindikatuetako hainbat delegatuk prentsaurrekoa eman zuten grebaren arrazoien berri emateko. Lan eta gizarte eskubideen defentsan eta bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatu nahi dute sindikatu horiek osteguneko deialdiarekin. Gorka Viergek (ELA) eta Gaizka Uhartek (LAB) esan zutenez, "heldu den ostegunean langileek asko dugu jokoan. Egun horretan patronalaren xantaiari eta gure eskualdean gertatzen ari den enplegu suntsiketari aurre egiteko aukera dugu". Bi sindikalistek nabarmendu zutenez, "Sakana alerta gorrian dago eta industria basamortua bihurtzeko arriskua dago. Enplegua suntsitzen ari den egoera batean gaude". ELAko eta LABeko kideek azaldu zutenez, "egon diren itxierekin eta enplegu erregulazio espedienteekin 80ko hamarkadako langabezia datuetara itzuli gara". Sakanan langabezian dauden pertsonen kopuruak, urte batetik bestera, 600 pertsonatan baino gehiagotan hazi dela azaldu zuten. Baina sindikalistek nabarmendu zutenez, "Sakanan dagoen enplegu suntsiketa handiagoa da, ibarrean lan egin baina kanpoan bizi diren langile asko baitaude. Haiek beste enplegu bulego batzuetan ematen dute izena". GarrantziaSindikatu bateko eta besteko ordezkariak "krisia konpontzeko langileen eskubideen atzera egiterik" ezin dela onartu nabarmendu zuten. Ibarreko lantegiak krisiak batera edo bestera ukitu dituela nabarmendu zuten eta, gehitu, greba langileei krisiak sortu diren "amorrua bideratzeko" balioko duela esan zuten. Aldi berean, ELAtik eta LABetik azaldu zen, grebaren erantzunaren arabera, hurrengo egunean langileriak bestelako erantzun bat emateko moduan izanen dela. Bi sindikatuetako ordezkariek azaldu zutenez, grebak "jarraipen handia" izanen duen ustea azaldu zuten. Hori argudiatzeko 50 lantegitik gorako enpresa batzordeek greba orokor deialdiarekin bat egin dutela jakinarazi zuten. Aldi berean, informazio piketeetan eta manifestazioetan "parte-hartzearen garrantzia" azpimarratu zuten. Mobilizazioen egutegiaMaiatzak 19, asteartea17:00etan     Irurtzundik auto karabana abiatuko da. 19:00etan     Altsasuko Foruen plazan kontzentrazioa. Maiatzak 21, osteguna6:00etan    Informazio piketeak Altsasuko Netto eta Sunsundegui parean. Bi pikete horiek Ondarria eta Ibarreako industrialdean ariko dira.10:00etan  Manifestazioak Etxarri Aranatzen eta Altsasun.                  Euskal Herria eredu ekonomiko eta sozial justuaren alde borrokan. Patronalaren xantaiaren kontra12:00etan  Manifestazioa Iruñean. 18:00etan  Manifestazioa Altsasun. Euskal Herria eredu ekonomiko eta sozial justuaren alde borrokan.