Apirilaren akaberarekin batera itxi zituen ateak Aralarko guardetxeak eta ez da berriro zabalduko. Ia ehun urte zituen eraikinaren egoera ez zen onena eta Nafarroako Gobernuak hura itxi du, familiarekin hartu-emanetan egon ondoren. Eraikinaren etorkizunaz Aralarko Elkartearekin hitz egin nahi omen du Nafarroako Gobernuak.Lakuntzarren estimua Aralar inguruko ibarretako jendearendako, artzain eta mendizaleendako aparteko garrantzia izan duen eraikina da guardetxea. 1940. urteaz geroztik Zufiaur familiarekin lotu dena. Migel Zufiaur Aralarreko zaindari izan zen. Haren seme Josek bere ofizio bera hartu eta Nikolasa emaztearekin Aralarko guardetxearen arima bihurtu ziren. Jose 1987ko garilean hil zen eta Nikolasa apirilaren akaberara arte guardetxean bizi izan da, hara hurbiltzen zen guztiaren gertuko azalduz, Miren alabarekin batera. Sukaldea beti zabalik, Aralarren zerbait edan eta mokaduren bat hartzeko parada eskaintzen zuen guardetxek. Lakuntzarrek estimu berezian dute familia, besteak beste, etxea beti zabalik izateaz gain, Lakuntzako Pertzako festako bazkariak eta festa bera han egiten baitira, eta orain aurtengo festa nola ospatu erabaki beharko du Lakuntzako Pertza elkarteak. Estimu horren isla, Lakuntzako Pertza elkarteak 2008ko San Saastin bezperan, danborradako ohorezko txanoa eskaini zion Guardetxeko familiari, "lakuntzarrek beti izan dugun harrera beroagatik". Familiaren izenean Miren Zufiaurre Amorenak jaso zuen txanoa eta omenaldiagatik "esker ona" azaldu zuen.