Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriki Urdiain eta Altsasuko Udalek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roigengana zuzendu dira. Bi herrietako lurretan egitea aurreikusia dagoen industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) inguruan, Urdiain eta Altsasuko Udalek esan dute "hasiera bateko gure jarrera aldekoa da, nahiz eta bere garapenean gure parte hartzea beharrezkoa ikusten dugu, udalek egoki jotzen ditugun hobekuntzak lortzeko". Hori dela eta, Urdiain eta Altsasuko Udalek Roig kontseilariari eskatu diote bere departamentua, Nafarroako Gobernua eta bi udalak hartuko lituzkeen mahai bat eratzea, "erabaki ahalmena lukeena". Bi udalek mahai horrek 5 helburu izanen lituzkeela zehaztu dute. HelburuakUrdiaingo eta Altsasuko Udalek nahi dute mahai horretan "kontrolatzea zein enpresa mota kokatuko diren, etorkizuna duten sektoreetarantz jotzea, teknologia oinarria dutenak eta ikerketa eta garapen inbertsioak bermatuko dituztenak". Horrekin batera, bi udaletako ordezkariek nahi dute mahai horren bidez "industrialdea enpresa horien beharretara dimentsionatzea, Urdiaingo aldea Artoa pareraino garatuz lehenik eta Altsasuko dermiokoa jarraian, gainontzekoa erreserba gisa utzi". Bi udalek nahi lukete ere sortzea proposatu duten mahai horrek "industrialdearen garapenean ingurumen afekzioak zorrotz hartzen direla kontuan. Udal lizentziak kontuan izanik beharrezko neurri zuzentzaile guztiak aplikatzea eta, ondoren, betetzen diren jarraitzea". Urdiain eta Altsasuko Udalek nahiko lukete "mahaiko 3 aldeen artean industrialdearen garapenak berarekin ekar litzakeen azpiegituretarako (soziosanitarioa, hezkuntza, kultura eta aisialdia) baliabide ekonomikoak bermatzea". Azkenik, bi herrietako udal ordezkariek Lanbide Heziketako institutuaren eskaintza "ezarriko diren enpresen beharretara egokitzea" nahi lukete. ArgudioaBi udalek ere eskaera horiek egin dituzte "industria lur publikoan ezarriko diren enpresek ondua dagoen industria ehunaren dibertsifikazioa ahal bideratzeko". Diotenez, "lur faltak enpresak bertan ezartzeko eskaerari ezin erantzutea ekarri du". Kontseilariari bidalitako eskaera hori Altsasuko Udaleko Ekonomia Garapeneko Batzordean ezker abertzalearen kontrako boza eta gainontzeko alderdi guztien aldekoa jaso zuen. Bestalde, Makropoligonoaren Kontrako Batzarrak Nafarroako Arartekoarengana jo zuen hark industrialde egitasmoaren desjabetze egitasmoaren berri izan eta haien eskaera bideratzeko. Batzarraren eskaera hori dela eta, bi udalek Arartekoaren UPSri buruzko informazio eskaera jaso du.