Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hainbat sakandarrek kultura, kirola, irakaskuntza eta gizarte zibileko alorretako produktuei boikot egiteko eskatu duteAurreko ostiralean 61 urte bete zituen Israelgo estatuak. Palestinarrek egun hori lehen naqba edo hondamendi handia sufritu zuten eguna bezala gogoratzen dute. Egun hori, maiatzaren 15a, aukeratu zuten Israeli boikot-Sakana ekimena aurkezteko. Ekimen horren aurreneko jarduera manifestu bat sustatzea izan da. Hura ibarreko 8 musika taldek, 23 musikarik, kirolarik, alkateak (Arbizu, Altsasu eta Olaztikoa) eta artistek eta 25 sindikatu, elkarte eta bestelako erakundek sinatu dute. Guztiek ere "Israeli boikota egitea jasotzen duen idatziarekin bat egin" dute. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, boikot eskaera egiten duen idatzia "200 giza erakunde palestinar baino gehiagok eskatzen dute eta, dagoeneko, milaka eragile zein pertsona dira munduan barna boikotean dihardutenak". Israeli boikota kultura, kirola, irakaskuntza eta gizarte zibileko alorretan egitera deitu zuten. Ekinbide hori nazioartean Hego Afrikak Apartheida bertan behera uzteko egin zuen boikot era ezberdinekin parekatu zuten. Izan ere, sinatzaileek gogora ekarri zuten Israel "1948an sortu zenean garbiketa etnikoan oinarritu zuen bere jaiotza, hilketen bitartez eta palestinarrak euren etxeetatik kanporatuz. Ondorioz egun 5 milioi errefuxiatu daude". Ekimenaren aurkezpenean baieztatu zutenez, "Israel ez da estatu demokratiko bat, ez da behin ere izan". Ostiraleko prentsaurrekoan izan zirenak Israeli boikot-Sakana ekimenari atxikimendua ematera gonbidatu zituzten sakandarrak. Horretarako askapena@sakanerria.com e-postara mezua bidaltzea eskatu zuten. Ekimenaren aurkezpena eta gero Israeli boikota egitera dei eginez kontzentrazioa egin zuten 50 bat pertsonek. Zenbait kontu1948an Israelek eskualdeko lurraren %52 zuen eta Palestinak %48. Gaur egun Palestina historikoaren %89 Israelgo estatua da. Gazan 1.300 pertsona hil ziren Israelen urte hasierako erasoan.11.000 preso politiko.Zisjordanian (Nafarroaren eremuaren erdia) 500 kontroletik gora. Banaketa harresia, Palestinako lur eremuak okupatzen dituenak.