Sakanako neskek jantzi dute txapela

Guaixe 2009ko maiatzaren 18a

Berriozarren jokatu zen goma gaineko Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia. Gizonezkoen 300 kiloko saioan Amaiur A gailendu zen, baina aurretik puntu gehiago pilatu zituelako Berriozar A-k jantzi zuen txapela, eta emakumezkoen 250 kilotan Amaiur izan zen hoberena. Emakumezkoen 265 kilotan ez zen sorpresarik izan eta Sakanako neskak izan ziren gailendu zirenak. Aurretik ere nahikoa alde zuten sakandarrek, eta txapela jantziko zutela ziurra zen. Guztira 12 puntu eskuratu dituzte, Amaiurrek 8,5 puntu, Lesakako Beti-Gaztek 6,5 puntu eta Berriozarrek 3 puntu. Beraz, zorionak Sakanako txapeldunei. Eta kadeteen mailan, 295 kiloko talde mistoetan ez da txapelik etorri Sakanara. Basaburuak jantzi du txapela (11 puntu), Txantrea (8,5), Andra Mari (7,5) eta Putterri (3 puntu) taldeen aurretik, azkeneko biak talde sakandarrak. Dena den lan polita egin dute guztiek eta oso polita izan da kategoria honetan bi talde sakandar lanean ikustea.