Markina-Bilbo BTTz egitea proposatzen du Mankomunitateak

Guaixe 2009ko maiatzaren 19a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda txirrindulari taldearen laguntzarekin mendi bizikleta ibilaldia antolatu du igandean, maiatzaren 24an. Markinatik hasita Bilbora heltzea da erronka, Kostako Santiagoko Bidearen eremu hori BTTz osatuz. Ibilaldi horretan parte hartu nahi dutenek 7,50 euro ordaindu beharko dituzte Euskadiko Kutxako 3035 0116 93 1160003328 kontu zenbakian eta gainera, izena eman beharko dute kirola@sakana-mank.com posta elektronikoaren bidez edo Altsasuko Razesa dendan, maiatzaren 19a baino lehen. Aipatu prezioak ez du bazkaria kontuan hartzen. Autobusa goizeko 6:30ean abiatuko da Altsasuko autobus geltokitik. Markina eta Bilbo arteko ibilbideak 55,4 km ditu eta zailtasunaren aldetik erdi mailakoaren eta zailaren artean kokatua dago. Markina Xemeindik aterata Bolibar, Mendata, Gernika, Larrabetzu, Lezama eta San Martingo Arteaga pasako dituzte mendi txirrindulariek, Kostako Santiagoko Bidetik hain zuzen, Bilbora heltzeko. Zaila bai baina ederra ere izango da bide hau. II. Aitziber Xtremeko eta 14. Altsasu BTT zeharkaldiko izen ematea zabalikEkainaren 7rako II. Aitziber Xtrem BTT zeharkaldia antolatu du Urdiaingo Aitziber elkarteak, 8:30ean. 62 kilometroko saioa izanen da, Urbasa Andiatik barna. Izena ematea zabalik dago www.aitziber.com webgunean. Probaren egunean bertan izena emateko aukera izanen da Aitziber elkartean. Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailak antolatutako 14. Altsasu-Altsasu BTT zeharkaldia ekainaren 14an izanen da. 43,5 kilometroko proba ez lehiakorra izanen da, eta aurten nobedade moduan Gipuzkoan sartuko dira, Alzania eta Aitzgorriko mendien bista zoragarriekin. Izena ematea zabalik dago ekainaren 10era arte www.clubciclistaburunda.com webgunean. Egunean bertan ere izena emateko aukera egonen da.