Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Nafar Kirol Jolasen Taldekako Gimnasia Erritmikoko lehen fasea jokatu zen Beriaingo kiroldegian. Tartean Sakanako Iskiza Klubeko hiru talde lehiatu ziren: benjaminen B mailan bat, kimuen A mailan bestea eta kimuen B mailan hirugarrena. Lan bikaina egin zuten talde guztiek eta benjaminek bigarren postua lortu zuten, domina jasoz. Puntuazioekin kexuIskiza taldekoek ohar batean azaldu dutenez, gimnasta guztiak lanean ikusi eta gero "emaitza hobeak" espero zituzten, eta harriduraz hartu omen zuten emaitza. Azaldu dutenez, gimnasia erritmikoan puntuazio kodigoa 4 urtez behin aldatzen da, arau guztiak goitik behera aldatuz, eta nonbait kodigo berrian arriskua eta barietatea askoz gehiago baloratu behar da. Hain zuzen puntuazio horietan kontraesan ugari sortu omen zen. "Epaileek kodigo hau puntuatzen duten lehenengo aldietakoa izan zen, eta sarritan arau zaharren arabera egin zuten balorazioa. Gainera, epaileak klub zehatz batzuetakoak ziren eta ez zegoen guztien ordezkaritzarik" salatzen dute Iskiza taldekoek. Gaineratzen dutenez, duela bi larunbat gauza bera gertatu omen zen Altsasun Iskizak antolatutako Iskiza-Disnaval txapelketan. Hurrengo zitak eta lehiakEgutegi potoloa dute Iskiza gimnasia erritmikoko kideek. Ekainaren 7an Nafarroako Kirol Jolasen finalean ariko dira arestian aipatutako hiru taldeak. Bestalde, ekainaren 13an Iskizako hainbat gimnasta Gasteizko Beti Aurrera-Almudena Cid torneoan lehiatuko dira, eta ekainaren 14an Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa jokatuko da Altsasun. Azken txapelketa horretan Espainiako Baseko Txapelketara abiatuko diren Iskizako haurren mailako gimnastek hartuko dute parte. Eta bukatzeko, aurrerago, kurtso bukaerako erakustaldia egingo da Altsasun, ikasturte bukaera ospatzeko.