Valverde, Voltako liderra

Guaixe 2009ko maiatzaren 20a

Atzo Kataluniako Voltako bigarren etapa jokatu zen, Gironan hasi eta Rosasen bukatu zena, 163,1 km egin eta gero. Lehen mailako Els Angels eta Sant Pere de Roda portuak eta bigarren mailako Cadaques portuak igo behar zituzten, eta faboritoen multzoa batera heldu zen helmugara. Esprintean Saxo Bank taldeko Matti Breschel nagusitu zen (4:11:34), Quick Stepeko Jerome Pineauren eta Cerveloko Xabier Florenciaren aurretik. Ag2R taldeko Jose Luis uhartearra faboritoen lehen talde horretan sartu zen, 52. postuan, denbora berean. Lehian dauden beste bi sakandarrek denbora dezente galdu zuten. Caisse d´Epargneko Hiriberriko Imanol Erbiti 95.a izan zen, 6:37ra eta Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra 121.a, 7:34ra. Gauzak horrela, atzokoan lidergoa eskuratu zuen Caisse d´Epargneko Alejandro Valverdek (4:16:22). Lehen multzoan heldu zen helmugara eta ordura arteko Thor Hushovd liderrak ia 8 minutu galdu zituen atzoko etapan. Bigarrena, Jerome Pineau, denbora berean dago, eta hirugarrena, Xavier Florencia, segundo batera. Jose Luis Arrieta 36.a da sailkapenean, 13 segundora; Imanol Erbiti 96.a, 6:47ra; eta Pablo Urtasun 110.a, 7:44ra. Gaur hirugarren etapa dago jokoan, Rosasen hasi eta La Poblen despedituko dena, 182 kilometrokoa. Mendia lagun izango dute txirrindulariek, lehen mailako Alt de Coubet, Alt de Jou eta Collada Sobirana gainditu beharko baitituzte.