Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txirrindulari afizionatuek ez dute atsedena hartzeko beta handirik izanen. Larunbatean elite mailakoak eta 23 urtez azpikoak Aizarnazabalen bilduko dira, Gipuzkoako Txapelketan. Eta igandean, 23 urtez azpikoak XII. San Isidro Sari Nagusia jokatuko dute Natxituan. Baina talde afizionatu gehienek maiatzaren 27an, asteazkenean, abiatuko den Nafarroako Itzulia dute begiz jota. 16 talde lehiatuko dira, horietatik 11 Estatu Espainiarrekoak, eta horretaz gain Portugalgo selekzio bat, Uruguaiko selekzio bat eta Frantziako bi talde. Krisia nabaritu egin da eta Union Ciclista taldekoek aurrekontua ixteko nahikoa lan izan dute: horren isla, aurten Nafarroako Gobernua izango da babesle nagusia, Nafarroako Kutxaren tokia hartuta, eta Gran Premio Reyno de Navarra izena hartuko du probak. Rural Kutxa talde sakandarrak luxuzko taldea prestatuko du aipatu txapelketa bereganatzeko. Lehen etapa Lizarte eta San Adrian artekoa izango da (asteazkena); bigarrena, San Adrianen hasi eta Tuteran despedituko dena (osteguna); hirugarrenean Tutera eta Pitillas batuko dituzte (ostirala); laugarrenean Pitillas eta Perdon gaina, etapa erregina eta erabakigarriena (larunbata); eta azken etapa Iruñean hasi eta despedituko da, igandean. Kategoria txikienei dagokienez, kadeteen mailako lasterketa izanen da igandean Villatuertan. Juniorrak, aldiz, larunbatean bilduko dira Zangozan.